Politika -
Hezkuntza soldatak
Itunpeko ikastetxeetako eta sare publikoko langileen soldatak parekatzeko baimena eman du Legebiltzarrak
Ia 67 milioi euroko partida berezi bat ahalbidetu da, 2023. eta 2024. urteei dagezkion ordainketak egiteko. EAJ, PSE-EE, PP eta Vox legea aldatzearen alde agertu dira, EH Bildu abstenitu egin da eta Sumarrek kontra bozkatu du.
Agentziak | EITB Media
Eusko Legebiltzarrak 2024ko EAEko Aurrekontuen Legearen artikulu bat aldatzea onartu du, gaurko Osoko Bilkuran, itunpeko ikastetxeetako langileen soldatak ikastetxe publikokoekin modu progresiboan parekatzeko. Aldaketa horren bitartez, ia 67 milioi euroko partida berezi bat aktibatuko da.
2023. eta 2024. urteetako ekitaldiei dagokien aldea ordainduko zaie itunpeko ikastetxeetako langileei, atzerako eraginez. Kristau Eskola sareko ikastetxeetako irakasleei ordaintzeko 50,1 milioi euro bideratuko dira eta Ikastola eta gainerako ikastetxeetako irakasleentzako 16,8 milioi euro. Aurrerantzean Ogasun Saila arduratuko da ordainketok egin ahal izateko funtsak ahalbidetzeaz, Diruzaintzako gerakinak baliatuta.
EAJ, PSE-EE, PP eta Vox legea aldatzearen alde agertu dira, EH Bildu abstenitu egin da eta Sumarrek kontra bozkatu du.
Ikoitz Arrese EH Bilduren legebiltzarkideak azaldu du subiranisten abstentzioaren zergatia; azaldu duenez, orokorrean neurri ona badirudi ere, itunpeko ikastetxe guztiak ez dira berdinak eta ez dute konpromiso maila bera, esaterako, euskalduntzeari, gardentasunari, laikotasunari eta inklusioari dagokienez.
Bere aldetik, Jon Hernadezek, Sumarrek legebiltzarrean duen ordezkari bakarrak, aurka bozkatzeko arrazoi gisa azaldu duenez, aldaketa horrekin sare publikokoenak baino altuagoak izango diren soldatak egongo dira itunpeko sarean. Gainera, hezkuntza eredu publikoa aldarrikatu du, eta Jaurlaritzari leporatu sare pribatua diru publikoz sostengatzea.
Soldatak parekatzeko prozesua Hezkuntzako Lege Organikoaren (2006) eta EAEko Hezkuntzaren Legearen (2023) baitan kokatzen da. Pedrosak adierazi duenez, parekatze prozesuak EAEko itunpeko ikastetxe guztien, gizarte ekimeneko ikastetxeen eta ikastolen ordezkarien adostasuna du, baita sindikatu nagusien ordezkariena ere.
Pedrosak ez du gaurko bilkuran lege-aldaketa honen inguruan hitz egin, baina, duela egun batzuk azaldu zuenez, behin soldatak berdindutakoan, itunpeko ikastetxeetako irakasleek ezingo dituzte "baldintza berdinetan" sare publikoan egiten duten irakasleek baino soldata handiagoa izan.