Politika -
2025eko aurrekontuak
Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk 2025eko aurrekontuen inguruko akordioa sinatu dute
Exekutiboko hiru alderdiek (PSN, Geroa Bai eta Zurekin) eta EH Bilduk 2025erako aurrekontuen inguruko akordioa lortu dute, seigarren aldiz jarraian.
EITB Media
Nafarroako hiruko Gobernuak (PSN, Geroa Bai eta Zurekin) eta EH Bilduk aurrekontuen inguruko akordioa itxi dute.
Bi aldeen arteko akordioaren ondorioz, foru aurrekontuak onartuko dira, seigarren aldiz jarraian. 28 orrialdeko dokumentu batean islatu dute akordioa. Arlo guztietako lehentasunak jaso dituzte akordioan, baita Nafarroako Gobernuak bere politiketan duen egonkortasuna indartzeko etorkizuneko erronka batzuk ere.
Sinatzaileak, Gobernuak jakinarazi duenez, bat datoz herritarren gehiengo sozialaren beharrei erantzuteko gai izango den Nafarroa oparoago, berritzaileago, pluralago eta solidarioago baten bila. Azken urteotan hasitako ildoari jarraipena ematea dute helburu.
Aurreko urteetan bezala, Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk akordioaren jarraipen batzorde bat eratzea erabaki dute, hartutako konpromisoak abian jartzeko prozesua jarraitu ahal izateko, baita konpromiso horien betetze-maila aztertu ahal izateko ere.
Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak adierazi duenez, "norabide berean arraun egiteko ahalegina" lehenetsi dute, "Nafarroako gizarteari buruzko ikuspegiaren konpromiso partekatuak, ikuspegi soziala" islatzeko akordioa lortuta.
"Ez da erraza izan, baina elkarrizketaren bitartez zentzu askotan bereizten gaituzten distantzia nabarmenak gainditu ditugu. Akordioaren bidez zarataren eta kritikaren bitartez baino urrunago goaz", esan du.
Ramon Alzorriz sozialisten bozeramaileak ohar batean azpimarratu du proiektuan elkarrizketa, negoziaketa eta ezberdinen arteko adostasuna izan direla, "herritarren mesedetan", eta zerbitzu publikoen blindajean aurrera egitea ahalbidetuko du.
Bestalde, Laura Aznal EH Bilduko bozeramaileak hedabideen aurrean adierazi duenez, Gobernuaren eta bere koalizioaren arteko harremana egonkorra da eta "une onean dago", baina oraingoan "gehiago" kostatu da ituna lortzea. "Hamarkada bat bete da eskuinak aurrekontuetan eraginik ez duenetik. Ez gaude duela hamar urteko egoeran", esan du.
Geroa Baik azpimarratu du aurrekontuen akordioak Foru Gobernuaren akordio programatikoaren ildo berari jarraitzen diola, eta egonkortasun politiko eta ekonomikoa ematen duela, hamargarren urtez koalizioaren parte-hartzearekin.
Zurekin koalizioaren ustez, "proiektu ona da, izaera sozialagatik eta nafarrak kezkatzen dituzten gaiei eta arloei balioa emateagatik, hala nola etxebizitza duina eskuratzea".