Politika -

2025eko Aurrekontuak

EAEko Aurrekontua 15.728 milioi eurokoa izango da, eta osasungintzak inoiz baino inbertsio handiagoa izango du

Lehendakariak aurreratu duenez, osasungintzara bideratuko den inbertsioa 5.000 milioi eurokoa baino gehiagokoa izango da, estreinakoz. Jaurlaritzak astearte honetan onartuko ditu Aurrekontuak.

El lehendakari, hoy en un encuentro con ciudadanos celebrado en Vitoria-Gasteiz. EFE
El lehendakari, hoy en un encuentro con ciudadanos celebrado en Vitoria-Gasteiz. EFE
Eusko Jaurlaritzak 15.728 milioiko aurrekontua izango du datorren urtean

1:27

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak inoizko Aurrekonturik handiena izango du 2025ean, 15.728 milioi eurokoa, hain zuzen ere. Aurtengoa baino 700 milioi euro (+ % 4,5) handiagoa izango da, zehazki.

Imanol Pradales lehendakariak hainbat herritarrekin Gasteizen egindako topaketa batean aurreratu duenez, 2025eko Aurrekontuek hiru "oinarri" izango dituzte: zerbitzu publikoak (osasungintza, batik bat), etorkizunerako inbertsioak eta komunitate nortasuna eta autogobernua.

Eusko Jaurlaritzak bihar, asteartea, onartuko ditu Aurrekontuak, eta horien nondik norakoak Noël d'Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak azalduko ditu. Nolanahi ere, lehendakariak aurreratu du osasun arloko inbertsioa 5.000 milioi euro baino gehiagokoa izango dela lehen aldiz. Horrenbestez, herritar bakoitzeko inbertsioa 2.300 eurokoa izango da osasungintzan.

Era berean, Jaurlaritzak Hezkuntza, etxebizitza, segurtasuna eta ziberdelituen aurkako borroka ere izango ditu lehentasun.

Neurri zehatzen artean, Gasteizko Gobernuak emantzipaziorako laguntzak emango ditu. Gainera, 68 milioi euro pentsio txikienak osatzera bideratuko dituzte, eta 400 milioi bazterketa sozial arriskuan dauden pertsonei emango dizkiete.

Bestalde, lehendakariak 1.500 milioi euroko inbertsio-produktiboak aurreratu ditu, Euskadi "eraldatu" eta "etorkizunerako prestatzeko".

Kontuen hirugarren oinarria komunitate sentimendua izango da, "gure balioak indartu eta autogobernuan aurrera egiteko". Zentzu horretan, euskal kultura "zaindu" beharra dagoela eta euskara "altxorra" dela nabarmendu du Pradalesek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak EAEko Aurrekontuak Imanol Pradales