Politika -
Polemika
Getxon botatako jauregiaren aferarekin lotutako bi zinegotziak beren jardunetik baztertu ditu alkateak
Bien bitartean, eta EH Bilduk jarritako salaketa tarteko, Getxoko epaitegia gertatutakoa ikertzen ari da, delitu penalik ote dagoen aztertzeko.
EITB Media
Inaxio Uriarte eta Iranzu Uriarte Getxoko zinegotziak beren jardunetik baztertu ditu Amaia Agirre alkateak.
Baimenik gabe, babes berezia zeukan jauregia (1845ean eraikitakoa) eraisteagatik hartu du Udalak bi zinegotziak baztertzeko erabakia. Ereaga Atalaya kooperatibak (bi zinegotziak dira hor kooperatibista) bertan luxuzko 12 etxebizitza eraikitzeko asmoa du.
Bien bitartean, eta EH Bilduk jarritako salaketa tarteko, Getxoko epaitegia gertatutakoa ikertzen ari da, delitu penalik ote dagoen aztertzeko.
Koalizio abertzaleak Fiskaltzara jo zuen, Getxoko 'Irurak bat' jauregia eraitsi zutela-eta, auzia ikertzea eskatzeko. Eraikinak babes berezia zuen, baina, hori gorabehera, behera bota zuen.
Ohar bidez jakinarazi zuenez, Getxoko udal gobernuak (EAJk eta PSE-EEk koalizio gobernua osatzen dute) auzia ikertzeko "borondaterik ez duela" ikusita hartu zuten erabakia. Are gehiago, "ezinbestekotzat" jo zuten gertatutakoa "Udaletik kanpoko erakunde batek" ikertzea: "eraistearen nondik norakoak, lizentzia eman zenetik Udalak prozesu osoan izandako jokabidea, prozesu administratiboa, lehentasunezko traturik egon den...".