Politika -
Estatutuaren 45. urteurrena
Pradales: "Itun politiko berri bat adosteko aukera dugu orain"
"Gaur egun beharrezkoa da duela 45 urte adostu genuen akordio politikoa eguneratzea, gure erakundeak eta demokrazia bera indartzea", azpimarratu du lehendakariak Gernikako Estatutuaren onarpenaren urteurrenaren harira.
EITB Media
Gernikako Estatutua onartu zela 45 urte bete direnean, Imanol Pradales lehendakariak azpimarratu du "orain itun politiko berri bat adosteko aukera" dagoela. "Gaur egun beharrezkoa da duela 45 urte adostutako akordio politikoa eguneratzea, gure erakundeak eta demokrazia bera indartzea", nabarmendu du.
Gernikako Estatutua 1979ko urriaren 25ean onartu zen. Efemeride horren harira argitaratutako mezu batean, lehendakariak aitortu du "jauzi kualitatiboa" izan zela "diktaduratik demokraziara, zentralismotik autogobernura".
Pradalesek azpimarratu duenez, Estatutuak "Euskadiren instituzionalizazioari berriro heltzea ahalbidetu zuen, kolpe militarrarekin eta gerra zibilarekin zapuztuta, diktadurak ukatua". "Garai politiko berri bat irekitzea ahalbidetu zuen, nahiz eta aurka egin ziotenak eta haren sorreraren eta garapenaren kontra agertu zirenak gaur egun lortutakoaz baliatzen diren, eta erakundeetan aktiboki parte hartzen duten", aurpegiratu du.
"Euskadi hau 1979koa baino askoz hobea da", ziurtatu du agintariak. Hala ere, 45 urte igaro ondoren, lehendakariak uste du autogobernurako "jauzi kualitatibo berri bat" beharrezkoa dela. "Euskal gizartea estatutu hura onartzea erabaki zuenaren oso bestelakoa da gaur egun, sortzen ari diren erronka eta behar berriekin egiten baitugu topo", erantsi duenez.
Horren ildotik, Pradalesek gogorarazi du Euskal Autonomia Erkidegoa Europan integratuta dagoela, atzean utzi dituela "terrorismoaren zama", eta "erronka globalek baldintzatuago" bizi dela.
Osorik betetzea
Bestalde, buruzagiak kezka agertu du "transferitzeke dauden eskumenak betetze osorik eskualdatzeko zailtasun handiak daudelako eta, gainera, 45 urte horietan zehar hitzartutako eskumenen higadura eman delako".
1979an abiatutako prozesua amaitu eta Estatutua bere osotasunean bete beharra dagoela errepikatu du lehendakariak: "Nekez egin daiteke aurrera itun berri baterantz, aldez aurretik adostutakoa bete ez bada".
Hala, gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak hartutako konpromisoa dutela transferitzeke dauden 29 eskumenak negoziatzeko eta adosteko: portuak, aireportuak, Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa – bereziki, enplegu-politika pasiboetan –, itsas salbamendua, itsasertzaren kudeaketa eta migrazioa.
Gainera, Pradalesek uste du beharrezkoa dela "hainbat mekanismoren bidez mugatu diren eskumenak identifikatzea eta zuzentzea, horrek Gernikako Estatutuaren edukia bera aldatu duelako". "Gure konpromiso partekatua da lortutako autogobernua defendatzeko eta blindatzeko mekanismo politikoak, juridikoak eta instituzionalak erabiltzea", erantsi du.
Azkenik, "gure herriaren nortasuna mantentzeko eta lantzeko, Euskadiren kanpo-proiekzioan aurrera egiteko, Europar Batasuneko erakundeetan zuzenean parte hartzeko eta oparotasun, ongizate eta gizarte-kohesio maila hobetzen jarraitzeko" politika propioak garatzea ahalbidetuko duten gaitasun eta eskumen berriak adostearen alde agertu da.