Politika -
PRESOAK
ETAko 52 presori eragingo die zigorrak kommutatzeko legearen erreformak, Sare plataformaren arabera
Lege erreforma atzerapenik eta oztoporik gabe aplikatzeko eskatu die Sare plataformak auzitegiei. Ukatu egin du zigorrak murriztuko direla. "Bukaera ematen zaio zigorrak bi aldiz betetzeari", esan du Bego Atxak, Sareko eledunak.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Presoei Europan betetako zigorrak kommutatzeko aukera ematen dien lege erreforma (7/2014 Lege Organikoa) Espainiako Diputatuen Kongresuak onartuta, ETAko 52 presok izango dute arau berriaz baliatzeko aukera, eta horietatik, zazpik berehala espetxetik irten beharko lukete, batzuek zegozkiena baino urte gehiago eginda kartzelan.
Sare presoen eskubideen aldeko herri plataformak eman ditu datuok gaur, lege erreformaren gaineko bere iritzia emateko Gasteizen egin duen agerraldian. Plataformak auzitegiei eskatu die erreforma atzerapenik eta oztoporik gabe aplikatzeko. "Aldaketaren onarpenarekin, normaltasunera itzuliko garela, edo zehatzago esanda, normaltasun juridiko batean kokatuko garela" uste du Sarek, eta, berandu bada ere, salbuespenezko lege bati amaiera emango zaiola.
Halaber, plataformak erabat gezurtatu du espetxe zigorrak murriztea ahalbidetuko duela arauak. "Erabateko gezurra da zigorrak murriztea dakarrenik. Bukaera ematen zaio zigorrak bi aldiz betetzeari", zehaztu du Bego Atxa Sareko eledunak.
Legea 2014an Europako zuzentaraura ez egokitzeak hainbat presori eragindako "kaltearen kontaketa zehatza egitea zaila" dela ere esan du. "Legearen idazketa egoki batekin pertsona asko momentu hartan bertan atera ahal izango ziren; edo preso egon diren denbora benetan izan dena baino nabarmen murritzagoa izan ahal zen. Zehatz mehatz, 15 dira gaur egun aske egonik ere, askatasuna lehenago berreskuratu behar zuten pertsonak. Ez dago formula juridikorik askatasun galera hori erreparatzeko", erantsi du. Garaia da, Sareren hitzetan, "ETAren euskarria edozein gauzatarako erabiltzeari uzteko".
Aurrera begira, oraindik indarrean diren "salbuespenezko legeak" indargabetzeko lanean jarraituko duela erantsi du Atxak, eta zentzu horretan, 7/2003 Lege Organikoa aipatu du, besteak beste, 40 urteko espetxealdia ahalbidetzen duelako. "Lege horren egokitzapena edo indargabetzea izango da gure helburu nagusietako bat".