Politika -

ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN

EH Bilduk EAJrekin eta PSE-EErekin adostutako fiskalitate "bakarra" proposatu du EAE osorako

Otxandianok berretsi du aurrekontu itun globalaren proposamena "zintzoa" dela, eta Pradalesekin eta Anduezarekin elkartu zela azaltzeko. Bestalde, Guardia Zibilak Gasteizen egindako ekitaldiak "biktimak mindu" dituela salatu du.

Pello Otxandiano EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramailea, Radio Euskadin. Argazkia: EITB
Pello Otxandiano EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramailea, Radio Euskadin. Argazkia: EITB
Pello Otxandiano EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramailea, Radio Euskadin. Argazkia: EITB

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pello Otxandiano Eusko Legebiltzarreko EH Bilduren bozeramaileak EAJrekin eta PSE-EErekin adostutako fiskalitate "bakarra" proposatu du Euskal Autonomia Erkidego osorako, "ezin delako hiru eztabaida fiskal egin", zeren egungo erakundeen egitura errespetatu arren, "hori ezin da sozialki dinamika baztertzaileak egoteko arrazoia izan".

Otxandianok Radio Euskadin egindako elkarrizketan azaldu duenez, Imanol Pradales lehendakariari eta Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusiari jada helarazi die proposamen hori. EAEko eta aldundietako aurrekontuetarako itun globalaren planteamendua azaltzeko egindako batzarrean azaldu zien.

Pradalesek Otxandianoren proposamenaren zintzotasunaz agertu zituen zalantzen harira, EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaileak ukatu egin du "trikimailu bat" izatea, eta "benetako eskaintza da", argitu du, "eskaintza guztiz eraikitzailea, 2025eko Aurrekontuak ikuspuntu global batetik planteatzeko beharra mahai gainean jartzeko".

Otxandianoren esanetan, aurrean dituzten erronka sozialak "oso zailak" dira, eta erakundeen gaitasun guztiak batu behar dira horiei aurre egiteko. "Aurrerapauso bat eman behar dugu, herri ikuspegia irabazi, bateratua, lehentasunak ezarri, eta inbertsio eta politika publikoen eraginkortasun maila gorena bilatu, bestela oso zaila edo ezinezkoa izango baita erronka sozialei aurre egitea", azaldu du.

Dena dela, berretsi duenez, EH Bilduren proposamenak "eskumenen arloak guztiz errespetatzen ditu", baina aurrez alderdi politikoek hitz egitea proposatzen du.

Otxandianok esan du bat egiten duela orokorrean Eusko Jaurlaritzak osasun, mugikortasun, garraio eta etxebizitza arloetan ezarri dituen lehentasunekin eta norabidearekin: "Orain datorren hilabete eta urteetako politika publikoen anbizioa zehaztea falta da".

EH Bilduren ordezkariarentzat, elkarrizketa politikoaren bitartez "agenda, norabidea eta anbizioak zehazteko aukera" dago. Horregatik, agenda adostu eta "lau erakunde horietako aurrekontu eztabaidetara eramateko" deia egin du. "Koherentzia irabaziko genuke sistema instituzionalean, eraginkortasuna politika publikoetan, eta eraginkortasuna inbertsio publikoan", gehitu du.

Osasun itunaren inguruan, ohartarazi du oraindik ez daudela ados diagnosian, eta oso puntu garrantzitsua dela hori.

Fiskalitate bakarra

Otxandianok fiskalitate "bakarra"ren aldeko apustua egin du. "Hiruko negoziazioa proposatzen dugu datozen 10-15 urteetarako fiskalitatea erabakitzeko", esan du.

EH Bilduren ordezkariak uste du zerbitzu publikoek diru-sarrera gehiago behar dituztela, eta horrek "fiskalitatea berregituratzea" ekarri behar duela, eztabaida "argi eta publiko" baten bidez. "Beraz, fiskalitate berria PPrekin edo EH Bildurekin adostu beharko da", gogorarazi du, EAJk eta PSE-EEk Araban eta Gipuzkoan ez dutelako gehiengo osorik.

Pradalesekin eta Anduezarekin hitz egin zuenean proposamen horren berri ere eman ziela zehaztu ostean, esan du "harrera egokia" izan zuela, eta EH Bildu "oposizio arduratsua" egiten ari dela. Horren harira, nabarmendu du Ogasun sailburuak batzordean bertan aitortu zuela gobernukoak baino "babes gehiago" lortu nahi dituela.

Estatus berria

Autogobernuaren inguruan hitz egiteko EAJk abiatuko duen bilera-sortaz ere jardun dira Radio Euskadiko elkarrizketan, eta Otxandianok "estatus politiko berri baterako oinarrizko printzipioak" ezartzea espero duela adierazi du. "Espero dugu eztabaida hori egungo autogobernuaren inguruan egindako auditorian oinarritzea, egungo Estatutua estrategikoki zamatua eta narriatua dela baitio. Horrek agerian uzten du Estatuarekin dugun harremana berrikusi behar dela. Eta eztabaida hori beharrezkoa da", berretsi du.

Gai horretan EAJrekin bat datozela eta kontua ez dela eskumen berriak lortzea azpimarratu du. "Estatus politiko berri baterako eztabaida izan behar da", gaineratu du.

Guardia Zibilaren ekitaldia

Eusko Legebiltzarreko EH Bilduren bozeramaileak esan du Guardia Zibilak atzo Gasteiz erdialdean egin zuen ekitaldiak "biktimak mindu" dituela, eta "memoria osoa" eraikitzeko pausoak ematea eskatu die "guztiei".

Buruzagi independentistak Radio Euskadin egindako elkarrizketan adierazi duenez, Pilarreko Andre Mariaren egunaren harira egindako ekitaldiak "ez du euskal gizartearen gehiengoarekin bat egiten" eta "biktimak mindu ditu".

Horren harira, Estatuaren indarkeriaren biktimen hitzak gogorarazi ditu, ekitaldi horrekin "berriro biktimizatu" dituztela salatu dutelako. "Hemen bizikidetzan eta memoria osoaren eraikuntzan aurrerapausoak ematea eskatzen da, eta batzuk kontrako noranzkoan ari dira pausoak ematen", gaineratu du.

Horregatik, gogoetarako deia egin du, eta "alderdi politikoei, PSE-EEri eta EAJri, norabide zuzenean" pausoak emateko eskatu die.

Otxandiano insiste en el diálogo para la aprobación de todos los presupuestos
Otxandiano insiste en el diálogo para la aprobación de todos los presupuestos
Otxandiano insiste en el diálogo para la aprobación de todos los presupuestos

play icon 30:04
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Polizia abusuen biktimak Pello Otxandiano