Politika -
URTE JUDIZIALA
Justiziaren "independentzia indartzea" eskatu du Subijanak, "prestigioa" ez galtzeko
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak epaileek legeak interpretatzeko eskubidea dutela aldarrikatu du, beti, "marko konstituzionalaren barruan".
EITB MEDIA
Iñaki Subijana EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak Justiziaren "independentzia indartzea" eskatu du, "prestigioa" eta herritarren "konfidantza" ez galtzeko. Hala, epaileek legeak interpretatzeko duten eskubidea aldarrikatu du, betiere, interpretazio horiek marko konstituzionalaren barruan egin behar direla zehaztuz.
Euskal Autonomia Erkidegoan gaur eman diote hasiera 2024-2025 lan urte judizialari, Bilboko Justizia Jauregian egin den ekitaldian, eta han egin ditu adierazpenok Subijanak. Justizia Administrazioko eta hainbat erakundetako ordezkaritza zabalak hartu du parte, tartean, Imanol Pradales lehendakariak eta Carmen Adan, EAEko fiskal nagusiak.
Besteak beste, Espainiako legedia Europako zuzenbidera egokitu beharra nabarmendu du Subijanak, Estatuko eta Europako arauek talde egiten dutenerako.
Pradales lehendakariak ere hartu du hitza ekitaldian. Justizia errestauratiboaren alde egin du, mendekua helburu izango ez duena. "Mendekua helburu duen justizia ez da justizia", esan du. Ezaugarri propioak dituen eredua aldarrikatu du Euskadirentzat.
Justizia Administrazioan euskarak bizi duen egoera zailari ere egin dio erreferentzia Pradalesek. Zentzu horretan, herritar orok zerbitzu publikoa euskaraz jasotzeko duen eskubidea aldarrikatu du, eta erakunde publikoek eskubide hori egiazki bermatu behar dutela erantsi. Epaiketak euskaraz egiteko ezintasunaz, berriz, errealitate hori aldatu beharra aipatu du. "Galdera da: Inork irudikatzen al du epaiketa bat gazteleraz egiteko aukerarik ez izatea Euskadin, epaile abokatu edo fiskal batek gaztelaniaz ez jakitea? Erantzuna ezezkoa da, noski. Orduan, zergatik onartu behar dugu kontrakoa, euskarari dagokionean? Errealitate hau aldatu beharra dugu".