Politika -
EITB FOCUS
Osakidetza hobetzeko ituna, Etxebizitza eta Hezkuntza dira jorratu beharreko lehentasunak, herritarren arabera
Pradalesen Gobernuak izan beharko lituzkeen lehentasunen inguruan galdetu die EITB Focusek herritarrei. Gobernu berriak ezarritako helburu nagusien ildotik, herritarrek erantzun dute Osasunaren eta Osakidetzaren aldeko Itunak, Etxebizitza Planak eta Hezkuntza Politikek lehentasuna izan behar dutela.
IKER GOMEZ | EITB MEdia
Eusko Jaurlaritzaren kudeaketari 6,2ko nota eman diote EAEko herritarrek, 2024ko irailean egindako EITB Focus inkestaren arabera. Izan ere, hamarretik zortzik onespena eman diote Gobernuaren kudeaketari aipatu inkestan, eta alderdi guztietako boto-emaileek 5etik gorako nota jarri diote Jaurlaritzaren jardunari.
Pradalesen Gobernuak izan beharko lituzkeen lehentasunen inguruan ere galdetu die EITB Focus inkestak herritarrei. Gobernu berriak ezarritako helburu nagusien ildotik, herritarrek erantzun dute Osasunaren eta Osakidetzaren aldeko Itunak, Etxebizitza Planak eta Hezkuntza Politikek lehentasuna izan behar dutela.
Zehazki, 0a "ez da lehentasuna" eta 10a "erabateko lehentasuna" izanik, Osasun Aldeko Itunari 8,92eko premia eman diote herritarrek, Etxebizitza Planari 8,43koa eta Hezkuntza Politikei 8,41ekoa.
Herritarrek ezarritako lehentasunen artean daude, halaber, unibertsitateak eta ikerketa (8,26), enplegu-politikak (8,17) eta, 8tik behera, segurtasuna (7,86) eta kultura eta euskararen sustapena (7,74).
Gai nagusien bilakaera
Hurrengo atal batean, eremu horien bilakaerari buruz galdetu die inkestak herritarrei. Gizartea baikor agertu da Osasunaren edo Hezkuntzaren alorrean hurrengo urteetan eman daitezkeen aurrerapausoei buruz. Aldiz, ezkor agertu dira herritarrak Etxebizitzaren edo Herritarren Segurtasunaren bilakaeretan.
Hala, inkestatuen % 49k uste dute EAEko osasun-zerbitzuek hobera egingo dutela hurrengo urteetan, eta % 23,2k, berriz, okerrera egingo dutela erantzun dute.
Osasun eremuak dituen premiazko arazoen artean, mediku gehiagoren beharra jarri du gizarteak lehen postuan (% 31,3). Ondoren, lehen mailako arreta hobetzea (31,1) eta Osakidetzako itxaron-zerrendak murriztea (% 25,4) aipatu dute herritarrek.
Baikortasuna hezkuntzaren esparruan ere. Inkestatuen hamarretik lauk uste dute hurrengo urteetan hobera egingo duela, eta % 25ek, berriz, hezkuntza-politikak okerrera joango direla diote.
Txanponaren ifrentzuan, euskal gizarteak ez du uste hurrengo urteetan etxebizitza-politikak hobetuko direnik. Zehazki, % 34,1ek uste du okerrera egingo dutela, eta % 28,6k, aldiz, baikortasuna erakusten du alor horretan.
Etxebizitzaren arloan konpondu beharreko arazo nagusien artean, gehiengo handi batek ( % 69,7) etxebizitzen prezioa aipatzen du, eta % 13,3k alokairuko etxebizitzarik ez dagoela dio.
Azkenik, segurtasunaren arloan, euskal herritarrak banatuta daude datozen urteetarako aurreikuspenari dagokionez. % 32,3k dio okerrera egingo duela, baina % 29,4 baikorra da, eta erantzun du arlo hori denborarekin hobetuko dela.
Herritarren segurtasuna
EITB Focusek atal zabalagoa eskaini die herritarren segurtasunerako politikei, eta hor erantzun dute EAEko inkestatu gehienek, gaur egun, segurtasuna ona edo oso ona dela (hala uste dute herritarren % 61ek). Beste aldean, % 36,5ek "hala moduzkoa", "txarra" edo "oso txarra" epigrafeak aukeratu dituzte herritarren kaleetako segurtasuna definitzeko.
Ildo horretan, hamar herritarretik lauk erantzun dute ez direla orain urte batzuk bezain seguru sentitzen kalean ibiltzen. % 53,3k diote berdin sentitzen direla. Azkenik, herritarren % 84k adierazi dute azken urtean ez dutela inolako arazorik izan herritarren segurtasunarekin lotuta.
Metodologia
Bizitokia EAEn eta Nafarroan duten 1.600 pertsona elkarrizketatu dituzte EITB Focus inkesta egiteko (400 lurralde historiko bakoitzean eta 400 foru erkidegoan).
Galdeketak irailaren 19tik 27ra bitartean egin zituzten, telefonoz.
Datu, mikrodatu eta adierazle estatistiko guztiak Gardentasun atariko Open Data atalean izango dira kontsultagai.