Politika -
Autogobernua
Eusko Jaurlaritza Gizarte Segurantzaren eskumena bereganatzeko proposamena lantzen ari da
Pentsioen gastua 12.000 eurokoa izango dela uste du Jaurlaritzak. Autogobernu sailburua Estatu idazkariarekin elkartuko da datorren asteazkenean, eskualdatzeko gelditzen diren eskumenen negoziazioan aurrera egiteko eta urriaren amaieran Aldebiko Lankidetza Batzordearen bilera ixteko.
EITB Media
Eusko Jaurlaritza Gizarte Segurantzaren Kudeaketa Ekonomikoa bereganatzeko lehen proposamen bat lantzen ari da uztailetik, Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio eta Autogobernu sailburuak gaur goizean adierazi duenez. Euskadiko pentsioak ordaintzeko urtean 12.000 milioi euro beharko direla zehaztu du Jaurlaritzak.
Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan Eusko Jaurlaritzako bozeramaile ere badenak esan duenez, lan egutegia ixteko dagoeneko harremanetan jarri dira Espainiako Gobernuarekin. Edozein kasutan, transferentzia "konplexua" dela eta "diskrezio handienarekin" negoziatu nahi dutela azpimarratu du.
Ubarretxenaren arabera, Imanol Pradales lehendakariak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin iragan ostiralean izandako bileran biek hartu zituzten konpromisoak azaldu ditu. Hitzordu hartan, "lan kronograma" helarazi zion Pradalesek Sanchezi, datorren urtean amaitu aurretik Gernikako Estatutua betetzeko falta diren 29 eskumenak eskualdatzeko, Gizarte Segurantzarena barne.
Autogobernu sailburuaren esanetan, Espainiako Gobernuak mahai gainean ditu lehen sei eskumenak transferitzeko Eusko Jaurlaritzak igorritako proposamena. Lehen multzo horretan daude itsasertzaren antolamendua eta kudeaketa, atzerritarren hasierako lan baimena, itsas salbamendua, meteorologia, makineria egiaztatzeko zentro nazionala (Barakaldo), eta zinematografia babesteko funtsa.
Halaber, Ubarretxena sailburuak gaineratu du Jaurlaritza beste 23 eskumenen lehen proposamena prestatzen ari dela dagokien sailekin, urtea amaitu aurretik Espainiako Gobernuari bidali ahal izateko.
Aldebiko Lankidetza Batzordearen bilera
Bestalde, Autogobernu sailburua Lurralde Politiketako Estatu idazkariarekin elkartuko da datorren asteko asteazkenean, Gernikako Estatutua betetzeko falta diren transferentzien negoziazioan aurrera egiteko, eta urriaren amaieran egitekoa den Aldebiko Lankidetza Batzordearen bilera ixteko.
Imanol Pradales eta Pedro Sanchez buru direla egingo den Aldebiko Lankidetza Batzordearen bilerak balioko du eskualdatzeak gainbegiratzeko eta bi gobernuen arteko harremanari eragiten dioten gaiak jorratzeko.