Politika -
New York (AEB)
Chivitek 2030 Agendaren papera aldarrikatu eta "globala tokiko erakundeetatik" landu behar dela defendatu du
Nafarroako presidenteak 2030 Agendaren papera aldarrikatu du, "mende honetako erronkei sendo heltzeko" tresna gisa.
EITB Media
Maria Chivite Nafarroako presidenteak New Yorken (AEB) parte hartu du gaur, Nazio Batuen Erakundeak antolatutako Garapen Iraunkorrari buruzko Goi Mailako Foro Politikoan. Bertan, "globala tokiko erakundeetik" jorratu behar dela defendatu du. Gainera, 2030 Agendaren papera aldarrikatu du, "mende honetako erronkei sendo heltzeko" tresna bezala.
New Yorken egindako agerraldian, Teresa Ribera Espainiako Gobernuko hirugarren presidenteorde eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministroa eta Pablo Bustinduy Eskubide Sozial, Kontsumo eta 2030 Agendarako ministroa lagun izan ditu agintari nafarrak.
Chivitek, bere hitzaldian, adierazi du erkidegoek abantaila handia dutela 2030 Agenda martxan jartzeko, harreman estuagoa baitute ekimen horrek bultzatu nahi dituen eremuekin. "Hurbiltasunak politikak gure lurraldeen behar zehatzetara egokitzea ahalbidetzen digu", azpimarratu du.
Foru Gobernuko buruzagiak, halaber, Nafarroa garapen iraukorrerako helburuen lorpenean nabarmendutako erkidego bihurtzen duten osagaiak birpasatu ditu, hala nola, berdintasunean hezteko Skolae programa abian jartzea, klima-aldaketara egokitzeko politikak edo Errenta Bermatuaren programa.
"Espainian pobrezia eta desberdintasun indize txikiena duen lekuetako bat gara, baita bizi-kalitate hoberenetarikoa ere", nabarmendu du. "Horregatik, garapen jasangarriaren helburuak onartzea naturala izan da gure herriarentzat", gaineratu du.
Azkenik, 2030 Agendarekin "herri gisa dugun konpromisoa" berretsi du Chivitek. "Bere espiritua Nafarroaren DNAren parte da", esan du, eta honako hau adierazi du: "Oso kontziente gara guk utzitako ondareak etorkizuneko belaunaldientzat izango duen eraginaz".
Foru Erkidegoak 2030 Agendan Nafarroako Parlamentuaren aginduz hasi zuen bere bidea 2016an, Nazio Batuek tresna hori sortzea onartu eta urtebetera.