Politika -
Bilera Ajuria Enean
Pradalesek EAEren "erronkekin bat datorren" zerga-sistema izateko beharra defendatu du
Diru-bilketari dagokionez, oraingoz “zuhurtzia” eskatu du ekonomiaren bilakaeraren aurrean, baina 2025erako aurrekontu proiektuak diru kopuru “zertxobait handiagoa” jasotzea nahiko lukeela aurreratu du lehendakariak, gizartearen beharrizanei erantzun ahal izateko.
Eriz Lotina | EITB Media
Imanol Pradales lehendakariak defendatu duenez, beharrezkoa da "foru aldundiek beraiek mahai gainean jartzea, hala badagokio, beharrezkoak diren aldaketak", zerga-erreforma bati heltzeko, eta Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du lan hori "lagundu eta koordinatzeko", Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) "garai eta erronkekin bat datorren" fiskalitatea izan dezan.
Ildo horretan, lehendakaria Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ahaldun nagusiekin bildu da gaur EAEren erronkak aztertzeko. Pradalesen hitzetan, "gure herriak dituen erronkak ezin ditugu indibidualki jorratu; batasunak eta talde lanak egiten gaitu indartsu". "Udalen, aldundien eta Jaurlaritzaren arteko lankidetza" beharrezkoa dela erantsi du buruzagiak.
Zerga-sistemaren erreformaren inguruan, Pradalesek esan du aurretiazko fase batean daudela oraindik, eta aldundien eskumena dela gogorarazi du. Edonola ere, Jaurlaritzak "harmonizazio lana" egingo duela erantsi du.
Diru-bilketari dagokionez, oraingoz "zuhurtzia" eskatu du ekonomiaren bilakaeraren aurrean, baina 2025erako aurrekontu proiektuak diru kopuru "zertxobait handiagoa" jasotzea nahiko lukeela aurreratu du, gizartearen beharrizanei erantzun ahal izateko.
Bestalde, Guggenheim Urdaibai egitasmoari buruz, Bizkaiko ahaldun nagusiarekin "oso labur" hitz egin duela azaldu du Pradalesek. Eusko Jaurlaritzaren asmoa proiektua, Aldundiarekin eta Solomon Guggenheim fundazioarekin elkarlanean, aurrera eramatea dela argi utzi du. Dena den, azterketa bat egiteko bi urteko epe bat eman zutela gogorarazi du lehendakariak.
Espainiara heltzen diren adingabe atzerritarrak banatzeko sistemaren inguruan galdetuta, Pradalesek azaldu du aldundiekin batera Madrilera proposamen bateratu bat eramateko asmoa dutela. Gazte horiek erkidegoen artean "asimetrikoki" banatzen ari direla kritikatu du agintariak, EAE trantsizio toki bat dela kontuan hartu gabe.
Amnistia Legea
Azkenik, lehendakariak adierazi duenez, Auzitegi Gorenak Kataluniako prozesu subiranistarekin lotutako bidegabeko eralgitze delituei amnistia aplikatzea errefusatu izanak eta Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohia atxilotzeko aginduari eusteak "ez dio mesederik egiten politikaren desjudizializazioari".
Pradalesek adierazi du Auzitegi Gorenaren erabakia "Estatuko fiskalburuak amnistiaren legearen irakurketari buruz ezarri duen irizpidearen aurka" doala. Era berean, Auzitegi Gorenak hartutako ebazpena "Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak orain arte emandako erabakien aurka doa".
Lehendakariak ohartarazi duenez, Auzitegi Gorenak emandako pausoak "mesede txikia egiten dio politikaren desjudizializazioari". "Komenigarria litzateke amnistiaren legearen espirituan eta letran aurrera egiten jarraitzea eta bizikidetzan eta despenalizazioan aurrera egitea, legeak berak aurreikusi bezala", gaineratu du.
Pradalesek deitoratu egin du epaile batzuk arau hori "beste zentzu batean interpretatzen" ari direla, eta gogorarazi du oraindik ikusteke dagoela azkenean Europako Justizia Auzitegiak gai horren inguruan "erabakiren bat" hartzen duen.