Politika -
SAILBURU BERRIAK
Sailburuen profila: 43tik 64ra artekoak, gipuzkoar asko eta soziologia, politika edota ekonomia ikasitakoak
Zazpi emakumek eta zortzi gizonek osatzen dute Imanol Pradalesek gidatuko duen gobernu berria. 43 urte ditu gazteenak eta 64 helduenak.
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
Eguerdian karguari zin egin ondoren, arratsaldeko lehen orduan argitu da nortzuk osatuko duten Imanol Pradales lehendakariaren gobernua.
Aurreko Eusko Jaurlaritzatik hiru pertsonak jarraituko dute Gobernuan, bakarrak, ordea, bere karguan: Javier Hurtadok Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu izaten jarraituko du; Nerea Melgosa Justizia Sailetik Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailera igaroko da eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu izatetik Segurtasun Sailburu izatera igaroko da.
Gainontzeko sailburuak legegintzaldi honetan estreinatuko dira Gobernuko lanetan baina gehienek badute eskarmentua politikan, udal kudeaketan, foru aldundietan edo Jaurlaritzan aritu direlako. Tartean dira, adibidez, Maria Ubarrechena Arrasateko alkate izandakoa (2025-2023) eta Mikel Torres Portugaleteko egungo alkatea (2008-2024). Bilboko eta Donostiako udaletan zinegotzi gisa ekin zioten euren ibilbideari, esate baterako, Ibone Bengoetxeak, Denis Itxasok eta Susana Garciak ere, eta Jaurlaritzan arituak dira lehendik Begoña Pedrosa eta Amaia Barredo, adibidez. Azken honen inguruan polemika piztu zen iaz ikerketa bat zela medio baina Tapia sailburua bere alde agertu zen irmoki.
Aitzitik, badira lau sailburu politika instituzionalean kargurik izan ez dutenak orain arte: Noël d'Anjou, Mikel Jauregi, Alberto Martinez eta Juan Ignacio Iñako Perez Iglesias, hain zuzen ere. Azken biek, badute, dena dela, erakunde publiko handi bat kudetzen esperientzia. EHUko errektore izan zen Perez Iglesias 2004tik 2008ra eta Gurutzetako Ospitaleko Anestesiologia, Bizkortze eta Minaren Terapia Zerbitzuko burua izan da Martinez azken 22 urteetan.
LURRALDE ARTEKO BANAKETA
Zazpi gipuzkoarrek osatzen dute sailburuen zerrenda. Hiru Donostian jaiotakoak dira, bat Irunen, bat Urretxun, bat Zarautzen eta bat Hernanin.
Bost bizkaitar ere badaude sailburuen zerrendan. Bilbon jaio zen bat, Portugaleten beste bat, Areatzan hirugarrena, Trapagaranen laugarrena eta Sestaon bosgarrena. Lehendakaria bera ere bizkaitarra da, Santurtzikoa, zehazki.
Arabar bakarra Gasteizen jaiotako Melgosa da.
Bi sailburu kanpoan jaio ziren arren, Perez Iglesias Salamancan eta Hurtado Madrilen, Euskal Herrian bizi dira azken hamarkada luzeetan.
SEXUA ETA ADINA
Zazpi emakumek eta zortzi gizonezkok osatzen dute Pradalesen taldea. Lehen lehendakariordea emakumezkoa izango da, Ibone Bengoetxea, eta bigarrena, gizonezkoa, Mikel Torres.
Gainera, Jaurlaritzako bozeramailea emakume bat izango da oraingoan. Maria Ubarrechenak hartuko dio lekukoa Bingen Zupiriari.
Hain zuzen ere, Ubarrechena eta Hurtado dira taldeko gazteenak, 44 eta 43 urterekin, eta, Zupiria eta Perez Iglesias dira helduenak 63 eta 64 urterekin. Horien artean dira beste guztiak. Lehendakaria eta hiru sailburu 1975ekoak dira, 49 urte egingo dituzte aurten, eta beste hiru sailburu 1970ekoak dira, 54 urte egingo dituztelarik.
IKASKETAK
Ikasketei dagokienez, Deustuko Unibertsitatean ikasitakoak dira gehienak: Bengoetxea, D'Agerre, Ubarrechena, Jauregi, Zupiria, Melgosa, San Jose eta Pradales lehendakaria bera.
Euskal Herriko Unibertsitatean lizentziatuak dira, berriz: Torres, Pedrosa (bigarren lizentziatura bat ere badu Deuston), Itxaso, Martinez, Perez Iglesias eta Barredo.
Bestalde, García Madrilgo Unibertsitate Complutensean lizentziatua da eta Hurtado UAM Madrilgo Unibertsitate Autonomoan.
Ikasketei dagokienez, denetarik dagoen arren, badaude lizentziatura batzuk nabarmen errepikatzen direnak: soziologia eta zientzia politikoetan lizentziatuak dira hiru sailburu (lehendakaria bera bezala); eta zientzia politikoak eta zuzenbidean nahiz administrazioan beste bi. Psikologia, Filosofia, Linguistika, Zuzenbidea, Medikuntza, Fisiologia eta Elikagaien Teknologia eta Zientziak dira besteenak.