Politika -

lan-hitzarmena

Jaurlaritzak 6,3 milioi euro bideratuko ditu Ertzaintzaren funtzionamendua eta baldintza ekonomikoak hobetzera

Helburua da kolektibo jakin batzuen lan-baldintzak hobetzea, hala nola 55 eta 60 urte bitarteko agenteena eta Ikerketa Kriminaleko unitatearena. Alabaina, lan-baldintzak aldatzerakoan Eusko Jaurlaritzak ez dituela sindikatuak aintzat hartu deitoratu du Ertzaintzaren Unitate Sindikalak.

Bi ertzain kalean.
Bi ertzain kalean.
Bi ertzain kalean.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak 6,3 milioi bideratuko ditu Ertzaintzaren funtzionamendua eta antolaketa hobetzeko, bai eta Ertzaintzako zenbait kolektiboren lan-baldintzak hobetzeko ere, hala nola 55 eta 60 urte bitarteko agenteena eta Ikerketa Kriminaleko unitatearena.

Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, jarduneko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak honako hau iragarri du: Segurtasun Sailak proposatuta, Ertzaintzaren zerbitzura dauden langileen lan-baldintzak aldatzen dituen akordio bat onartzea.

Gogorarazi duenez, Ertzaintzaren lan-baldintzak arautzen dituen azken lan-hitzarmena 2011koa da, baina aldaketa puntualak izan ditu denboran zehar, eta astearte honetan onartutakoa laugarrena da.

Zupiriak adierazi duenez, Ertzaintzaren funtzionamendua eta antolaketa hobetzea eta Ertzaintzako zenbait kolektiboren lan-baldintzak hobetzea helburu duten hainbat neurri sartu dira. Zehazki, 55 eta 60 urte bitartean beren jarduera profesionala adinagatik modulatzen hasi nahi duten agenteei zuzentzen zaie.

Era berean, 1.800 ertzain inguruk lan egiten duten ikerketa kriminaleko unitateari zuzendutako hainbat akordio daude, eta, Zupiriak zehaztu duenez, unitate horren "funtzionamendu egokia" bermatzeko ordainsari-baldintzak hobetu nahi dira.

Hirugarrenik, zehaztu du akordio horrekin genero-berdintasunean eta seme-alaben arretaren erantzunkidetasunean aurrera egiteko alderdiak ere lantzen direla.

Jaurlaritzak lan-baldintzak "alde bakarrez" aldatu izana kritikatu dute sindikatuek

Testuinguru horretan, Ertzaintzaren lan-baldintzak aldatzerakoan Eusko Jaurlaritzak ez dituela sindikatuak aintzat hartu deitoratu du Ertzaintzaren Unitate Sindikalak. Horren iritziz, "alde bakarrez" hartu dira aipatutako neurriak, "agente gehienak ahaztuta".

ERNE, ESAN eta SIPE sindikatuek ohar batean kritikatu dute Ertzaintzaren Akordio Arautzailearen aldaketa. "Inteligentziako, Idazkaritza Nagusiko, Koordinazioko, Schengeneko eta bulego teknikoetako 300 agente baino gehiagori eragotziko zaie soldata-osagarria eskuratzea".

Hori dela eta, ohartarazi dute bide judizialetik eskatuko dutela hartutako neurria aldatzeko, "gainerako espezialisteetako langileei ere soldata-osagarria emateko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Ertzaintza Eusko Jaurlaritza Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak