Politika -
EUROPAKO HAUTESKUNDEAK
"Hauteskunde guztietan erreferentziazko alderdia da PSE, irabazteko eta eragiteko gai dena", dio Anduezak
Eneko Andueza idazkari nagusiak bere alderdiaren Exekutiboa bildu du arratsaldean eta poza helarazi die Europako hauteskundeetan izandako "emaitza bikainengatik".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
PSE-EEk uste du igande honetan izan diren Europako hauteskundeek argi eta garbi erakutsi dutela alderdia "goraka" doala eta "hauteskunde hitzordu guztietan erreferentziazko alderdia" dela, "irabazteko eta eragiteko gai den alderdia", alegia.
Astelehenean arratsaldean bildu dute euskal sozialistek euren Batzorde Exekutiboa eta ondorio horretara iritsi dira azken hiru hauteskundeen emaitzak ikusita: 2023ko uztailaren 23ko Espainiako Hauteskunde Orokorretakoak, 2024ko EAEko hauteskundeetakoak (bi eserleku gehiago lortu zituzten Legebiltzerrean, 12ra iritsiz) eta atzoko Europako Parlamenturakoak. Bigarren alderdi bozkatuena izan dira EAEn, EAJren aurretik geratuz eta soilik 3.000 botora gaueko irabazle izan zen EH Bildurengandik.
Eneko Andueza idazkari nagusiak bere poza helarazi die batzordekideei, Europako hauteskundeetan izandako "emaitza bikainengatik", bart ere adierazi bezala. "Gure burua zoriontzeko unea da, gai izan garelako herritarrei erreferentziazko alderdia garela helarazteko, irabazteko gai garelako batzuetan, eragile izateko gai beste batzuetan eta garaipenetik oso gertu geratzeko gai beste batzuetan, igande honetan gertatu bezala", esan du.
Andueza oso gustura agertu da alkatetza duten udaletan izan dituzten emaitzengatik (Portugalete, Ermua, Trapagaran, Muskiz, Irun, Lasarte-Oria, Eibar, Zumarraga, Gasteiz, Zambrana eta Iruña Oka), beraiek izan baitira bozkatuenak; baita beste batzuetan ere: Bilbo, Donostia, Barakaldo, Sestao, Santurtzi, Oion eta Elciego, esate baterako. Errenterian eta Andoainen lehen postutik oso gertu geratu dira.
Bestalde, bereziki nabarmendu nahi izan du Araban, Bizkaian eta EAEko hiru hiriburuetan irabazi izana.
Azkenik, jakina zen bezala, PSE-EEko Exekutiboak Alfonso Gil Invernon proposatu du senadore autonomiko izateko. Egun, Talde Sozialistaren idazkari nagusia da Senatuan.