Politika -
Hauteskundeak
PPk ozta-ozta irabaziko lituzke Europako Parlamentuko hauteskundeak Espainian
EAEn, berriz, PSOE litzateke lehen indarra botoen % 27,2rekin, eta CEUS koalizioak bozen % 27,1 lortuko lituzke. Orain Errepublikak litzateke hirugarren bozkatuena, botoen % 19,1 jasota. Nafarroan, PSOE litzateke garaile.
EITB MEDIA
PPk irabaziko lituzke Europako Parlamentuko hauteskundeak Espainian, botoen % 32 eskuratuta, eta 21-23 eserlekurekin. Gertu izango luke PSOE, botoen % 30 lortuta. Sozialisten kasuan, 20-22 eserleku izango lituzkete. Vox litzateke hirugarren indarra, Europan ordezkaritza bikoiztuta (6-7 eurodiputatu eta botoen % 10). Horiek dira Sigma Dos etxeak FORTArentzat egindako inkestak aurreratu dituen datuak.
Espainian, botoen % 6,7 ematen dizkio aipatu galdeketak Sumarri, alegia, 3-4 ordezkari, eta % 4,4 Podemosi, hots, 2-3 eurodiputatu. Orain Errepublikak koalizioak (EH Bilduk, ERCk eta BNGk osatzen dute) botoen % 4,3 eta 2-3 eserleku lortuko lituzke. EAJk eta Coalicion Canariak osatzen duten CEUSek, berriz, botoen % 1,6 lortuko lituzke. Jeltzaleek egun duten ordezkariari eutsiko liokete.
Se Acabó La Fiesta (SALF) indartsu helduko da Europara. Botoen % 3,9 lortu eta 2-3 ordezkari izango lituzke. Junts EUk ordezkari bakarra izango luke, botoen % 2,1 eskuratuta.
EAE
PSOEk eta CEUSek boto kopuru ia bera lortuko lukete Euskal Autonomia Erkidgoan. Hamarren bateko aldea besterik ez lukete izango. PSOEk botoen % 27,2 eskuratuko lituzke, eta EAJren koalizioak, % 27,1.
Hirugarren indarra EH Bilduren koalizioa izango litzateke. 8 puntura egongo litzateke, botoen % 19,1 eskuratuta.
EAEn, Podemosek aurrea hartuko lioke Sumarri; izan ere, Podemosek botoen % 5 lortuko lituzke, eta Sumarrek % 3.
Ultraeskuinaren kasuan, Se Acabó La Fiesta (SALF) Voxen aurretik egongo litzateke.
Nafarroa
PSOEk emaitzak hobetuko lituzke Nafarroan, botoen % 29 eskuratuta. PP bost puntura egongo litzateke.
Orain Errepublikak hirugarren indarra izango litzake. EH Bilduk osatzen duen koalizioak botoen % 15 lortuko lituzke. Sumarrek aurrea hartuko lioke Nafarroan Podemosi. Sumarrek botoen % 7,3 lortuko lituzke, eta Podemosek % 5.
Geroa Baik osatzen duen koalizioak botoen % 3,4 lortuko lituzke, eta Voxek % 6.