Politika -
Nafarroa
Nafarroako Parlamentuak parlamentarien jokabide kodea egokitzeko lantaldea sortzea onartu du
Jokabide kodea arautzeko Geroa Baik egindako proposamenak ez zuen harrera onik izan pasa den astean, eta gaur behin betiko baztertu dute. Horren ordez, erabaki dute jokabide kodea landuko duen batzordea sortzea, hutsetik.
Agentziak | EiTB Media
Nafarroako Parlamentuak jokabide kodeari buruzko lantalde bat sortzea onartu du, Parlamentuaren araudiaren 26.2 artikuluan jasota dagoen jokabide kodea aztertu eta egokitu behar den ala ez erabakitzeko.
UPNk, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak elkarrekin aurkeztutako proposamena aho batez atera da aurrera, PPk eta Voxek ere babestu egin baitute. Ekimena aurkeztu dutenen arabera, lantaldea gune egokia gaiari "lasaitasunez" heltzeko.
Lantaldea eratzen den unetik sei hilabeteko epea izango dute jokabide kodea lantzeko eta horri buruzko txostena ontzeko. Aurreikuspenen arabera, lantaldea irailetik aurrera osatuko da.
Ildo horretan, talde parlamentario bakoitzak ordezkari eta ordezko bana izendatu beharko du, eta ekainaren 13ko 12:00ak arte izango du horretarako.
Gauzak horrela, Nafarroako Parlamentuak behin betiko alboratu du Unai Hualde Ganberako presidenteak jokabide kodeari buruz egindako proposamena, Geroa Bairen babesa soilik izan baitu. Horren ordez, erabaki dute jokabide kodea landuko duen batzordea sortzea, hutsetik.