Politika -

Legebiltzarra

EH Bilduren 27 legebiltzarkide hautatuak akreditatuko dira gaur

Izapidea beteta, apirilaren 21eko hauteskundeetan ordezkaritza eskuratu zuten pertsona guztiek jasoa izango dute kredentziala. Hori horrela, ganbera bihar eratuko da.

Bilkuren aretoa, hutsik. Argazkia: @PVasco_EuskoL
Bilkuren aretoa, hutsik.
Bilkuren aretoa, hutsik. Argazkia: @PVasco_EuskoL

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Apirilaren 21eko hauteskundeetan hautatuak izan ziren EH Bilduko 27 legebiltzarkideak gaur, astelehenarekin, akreditatuko dira Eusko Legebiltzarrean.

EH Bilduk ohar batean azaldu duenez, ezker subiranistak "emaitza historikoak" lortu zituen azken hauteskundeetan, eta 27 ordezkarirekin inoizko talde parlamentariorik handiena izango du, ganberako lehen indarrarekin berdinduta.

Nerea Kortajarena izango da taldearen bozeramailea, koalizio subiranistak ohar bidez jakinarazi duenez. Maddalen Iriartek Gipuzkoako ahaldun nagusirako hautagai izateko utzitako lekua bete zuen Kortajarenak legealdiaren azken txanpan, eta zeregin horretan jarraituko du hurrengo honetan ere. 

Behin akreditazioak jasota, EAEko hauteskundeetan ordezkaritza eskuratu zuten hautetsi guztiek izango dute euren izaera egiaztatuta. Hori horrela, biharamunean egingo da Legebiltzarra eratzeko osoko bilkura. Itxura guztien arabera, Bakartxo Tejeria jeltzalea izango da presidente. 

Duela 10 egun abiatu zen akreditazioak jasotzeko prozesua, Talde Mistoa osatuko duten bi legebiltzarkideek kredentzialak jasota (Jon Hernandez, Sumarren legebiltzarkidea, eta Amaia Martinez, Voxekoa). Gaur zortzi, beste hainbeste egin zuten EAJko hautetsiek ere. Orduan erdietsi zen Ganberaren herenaren akreditazioa, eta horrenbestez, abian jarri Legebiltzarra osatzeko atzerako kontaketa. Biharamunean PSE-EEren 11 legebiltzarkideen txanda izan zen, eta asteazkenean, PPkoena. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa EAEko hauteskundeak EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak