Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

EAJk bilera sortarik ez egitea eta "botereari eusteko presak" edukitzea kritikatu du Otegik

EH Bilduko buruzagiak "joko arau ezberdinak" eskatu dizkie jeltzaleei eta sozialistei: "Bestela, betikoak izango dira betikoa egiten". Bestalde, EAJ-PSE ituna tarteko, Legebiltzarreko Mahaian dagozkien bi lekuetatik bakarra izango dutela aurreikusi du. "Legitimoa da baina ez demokratikoa".

Otegi, Radio Euskadik Bilbon dituen estudioetan. Argazkia: EITB Media
Otegi, Radio Euskadik Bilbon dituen estudioetan.
Otegi, Radio Euskadik Bilbon dituen estudioetan. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren aburuz, hurrengo Jaurlaritza osatzeko bidean, EAEko hauteskundeetako lehen indarra bigarren indarrarekin bilera sorta bat abiatzea litzateke "logikoena, egokiena". Gainerako alderdiekin bildu gabe, astelehenean dute hitzordua EAJk eta PSE-EEk. Horren harira, uste du "presa eta antsietatea" dagoela jeltzaleen eta sozialisten artean koalizio gobernua lehenbailehen ixteko. 

Nabarmendu duenez, "ez da gobernu akordiorik egongo bien artean, Andoni Ortuzarrek esan du hauteskunde programak fusionatuko dituztela", eta galdea egin du horren kontura: "Nola egiten da hori? Ez datoz bat etxebizitza arloan, ezta Hezkuntzan, Osakidetzan, autogobernuan eta hizkuntza politikan ere... Zertan egiten dute bat, bada? Botereari eustean, horixe da dena", salatu du.

Hain justu, EAJri eta PSE-EEri dei zuzena egin die Otegik Radio Euskadiko "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa batean, eta "joko arau ezberdinak" ezartzeko eskatu. Izan ere, horren ustez, "herrialdea aldatu egin da" eta jendeak hautestontzietan emandako "agindua" irakurri beharra dago. "Bestela, betikoak izango dira betikoa egiten", deitoratu du. Horren aurrean, EH Bilduk "oposizio eraikitzailea" egingo du, Osakidetza, trantsizio energetikoa edo estatutu berriaren auzian "herri itunak" adosten saiatzeko. 

Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren osaera hizpide hartuta, Otegik adierazi du, hauteskundeetako emaitzen arabera bi eserleku eduki beharko lituzketela, "baina bakarra emango digute", kritikatu du Otegi. "Legitimoa da baina ez da oso demokratikoa, suposatzen dut EAJ eta PSE-EEren artean banatuko dutela". Nabarmendu duenez, "ohiko politika" da hori, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan Presidentetza ez dutela gogorarazi du, bozak irabazi zituzten arren. Dena dela, ohartarazi duenez, "Gipuzkoan 15.000 botogatik irabazi genituen foru hauteskundeak; oraingoan, 30.000ko aldeagatik izan da. Durangon eta Gasteizen ere irabazi dugu. Jarrai dezatela".  

Pedro Sanchezen balizko dimisioak Espainiako politikagintzan zabaldutako krisiaz galdetuta, Otegik erantzun du Espainian "etengabekoa" dela lawfare-a, eta ez dela existitzen Botere Judizialaren independentzia. Sanchezek kargua uztea erabakiko balu, argi utzi du EH Bilduk ez diola "eskuinari atea zabalduko". 

Otegi: ''Lawfare delakoak Espainian sortzen duen ezegonkortasuna geratu da agerian''
Otegi: ''Lawfare delakoak Espainian sortzen duen ezegonkortasuna geratu da agerian''
Otegi: ''Lawfare delakoak Espainian sortzen duen ezegonkortasuna geratu da agerian''

0:32
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra EAEko hauteskundeak Pedro Sánchez EH Bildu PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Pello Otxandiano