Politika -

A21

Otxandianok barkamena eskatu du ETAri buruz esandakoengatik, baina biktimek sinesgarritasuna kendu diote

EH Bilduko lehendakarigaiak barkamena eskatu die biktimei ETA talde "armatua" (eta ez "terrorista") izan zela esateagatik. Biktimen elkarteek, bestalde, "barkamen faltsutzat" jo dute.

Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaia Radio Euskadin izan da.
Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaia Radio Euskadin izan da
Otxandianok barkamena eskatu die biktimei ETAri buruz esandakoagatik

0:40

EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaiak "damua" agertu du, joan den astelehenean, ETA "talde armatua" izan zela esateagatik, eta barkamena eskatu du hitz horiekin biktimen "sentsibilitatea" mindu bazuen. Halere, Covite edota AVT bezalako elkarteek sinesgarritasuna kendu diete haren hitzei.

Biktimen elkarteak haserre agertu ziren Otxandianok ETA "talde armatutzat" jo zuelako, eta ez "terroristatzat". SER irrati-katean egin zituen adierazpenok.

"Damu naiz erantzun hori eman dudalako eta gai hau hauteskunde-testuingurutik kanpo atera behar dugula esan ez nuelako", adierazi du gaur goizean, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean.

Berak egindako adierazpenek inor mindu bazuten,  barkamena eskatzen diela adierazi du, eta gaineratu du biktima guztiek sentitzen duten minari errespetua diela, bereziki ETAren biktimen minari. Ezker abertzalea minaren eragile izan zela onartu du, ondoren irtenbidearena ere bai, eta orain elkarbizitzaren eragile izan daitekeela gehitu du.

Otxandianoren barkamen eskariak baina, ez ditu biktimen elkarteak asebete; sare sozialetan zabaldutako mezuetan, barkamen eskari "faltsua" eta "sinesgaitza" dela esan dute.

Covite elkartetik nabarmendu dutenez, Otxandianok oraindik ez du esan "hiltzea gaizki egon zela". "Zure 'barkamena' ez da sinesgarria, zure hitzak ekintza bihurtzen ez diren bitartean".

Gaineratu dutenez, "preso dauden hiltzaileei preso politikoak deitzen jarraitzen dute eta damutzea debekatzen diete; heroiak balira bezala agertzen dituzte publikoki".

Bestalde, AVTk adierazi du "presoek biktimei espetxe-onurak lortzeko eskatzen dieten barkamen faltsuaren antzekoa" dela Otxandianorena. Talde horren arabera, "honekin bilatzen duen gauza bakarra beste zerbaiti buruz hitz egitea da, eta saldu nahi diguten etorkizun handiko ustezko ezker horren atzean zer dagoen ez ikustea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euskal Autonomia Erkidegoa EAEko hauteskundeak ETA EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Terrorismoaren Biktimak Pello Otxandiano