Politika -

AMNISTIA LEGEA

Bruselak dio Amnistia Legearen azterketa Veneziako Batzordearen irizpenean oinarrituko dela

Amnistia Legea aztertzeko Bruselan egin duten bileran, Marta Cartabia Veneziako Batzordeko presidenteak esan du nazioarteko estandarrak betez gero, amnistia legearen eta botere banaketaren artean ez legokeela talkarik.

Eurpako Parlamentua. Argazkia: Pixabay
Eurpako Parlamentua. Argazkia: Pixabay
Eurpako Parlamentua. Argazkia: Pixabay

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Parlamentuko Askatasun Zibil, Justizia eta Barne Batzordea Espainiako Amnistia Legea aztertzen ari da ostegun honetan. Legegintzaldiko azkeneko astean izango da batzarra, apirilaren 22an eta 25ean azkeneko osoko bilkurak egin eta ekainaren 6tik 9ra hauteskundeak egin aurretik.

Goizeko saioko lehenengo puntua izan da Amnistia Legeari buruzkoa, eta Marta Cartabia Veneziako Batzordeko presidenteak eta Julien Mousnier Europako Batzordeko Zuzenbide Estaturako, Oinarrizko Eskubideetarako eta Demokraziarako zuzendariak parte hartu dute, besteak beste.

Erabakia hartzeko Veneziako Batzordearen — zuzenbide konstituzionalean espezializatutako aditu independenteez osatutako Europako Kontseiluko aholku-organoa— gomendioak aintzat hartuko al dituzten galdetuta, Mousnierrek baietz erantzun du: "argi dago Veneziako Batzordearen iritziek elikatu behar dutela martxan dagoen eztabaida hau".

Bere aldetik, Cartabriak argi utzi Amnistia Legearen konstituzionaltasunari buruz ebaztea ez dagokiola berak ordezkatzen duen erakundeari, bere hitzetan, "hori herrialde bakoitzeko auzitegiei dagokie". Europako legedia betetzen duen edo ez, berriz, Bruselak esango duela gehitu du.

Nolanahi ere, nabarmendu du "nazioarteko estandarrak kontuan hartuta" eta "50 herrialde baino gehiagotako errealitatearekin alderatuta", "ez dago talkarik amnistia legeen eta botere banaketaren artean".  Erantsi du, hori bai, badirela hainbat "printzipio" nahitaez bete beharrekoak, aipatutako estandarrak zaintzeko.

Hasieratik, Europako Batzordeak jakinarazi du ez duela esango Amnistia Legeak Europako legedia urratzen duen ala ez, Espainiako Estatuan tramitazioa amaitzen den arte.

Bien bitartean, Pedro Rollan (PP) Senatuko presidenteak esan du errekerimendu bat igorriko dutela Kongresura, eskari zehatz batekin: Amnistia Legea erretiratzea Behe Ganberako osoko bilkurak azter dezala, eta ez Kongresuko Mahaiak.

Joan den asteartean, txosten juridikoetan oinarrituta lege prosasamena erretiratzeko Senatuak igorritako eskaria atzera bota zuen Kongresuko Mahaiak. Rollanek uste du osoko bilkuran aztertu eta erabaki behar dela gaia, eta horregatik, "behar den adina aldiz" egingo dutela errekerimendua zehaztu du.

Kongresuko osoko bilkurak martxoan onartu zuen Amnistia Legea, gehiengo osoarekin (176 botoan dago ezarrita). Urtarrileko lehen bozketan ez bezala, Juntsen zazpi diputatuek PSOEren eta inbestidurako bazkideen gisan bozkatu zuten, eta testuak aldeko 178 boto jaso zituen.  

Onartutako testuak prozesu independentistarekin lotutako pertsonen erantzukizun penal, administratibo eta kontablea ezabatu, eta Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohia Espainiara itzultzeko atea irekitzen du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Katalunia Politika Nazioartea Europar Batasuna Kataluniako erreferenduma Europa Espainia bideoak Eguneko albisteak Albisteak Senatua albisteak Europako Parlamentua Amnistia Legea