Politika -
KATALUNIA
Datorren ostegunean aztertuko du Europako Parlamentuko batzorde batek Espainiako amnistia legea
Bertan izango dira, besteak beste, Marta Cartabia Veneziako Batzordeko presidentea eta Julien Mousnier Europako Batzordeko Zuzenbide Estaturako, Oinarrizko Eskubideetarako eta Demokraziarako zuzendaria.
agentziak | eitb media
Europako Parlamentuko Askatasun Zibil, Justizia eta Barne Batzordeak datorren ostegunean aztertuko du Espainiako amnistia legea Veneziako Batzordeko presidentea eta Europako Batzordeko Zuzenbide Estaturako, Oinarrizko Eskubideetarako eta Demokraziarako zuzendaria bertan direla.
Horixe agertzen da batzordearen agendan. Legegintzaldi honetako azkeneko astean izango da batzarra, apirilaren 22an eta 25ean azkeneko osoko bilkura egin eta ekainaren 6tik 9ra hauteskundeak egin aurretik.
Goizeko saioko lehenengo puntua izango da amnistia legeari buruzkoa, eta Marta Cartabia Veneziako Batzordeko presidenteak eta Julien Mousnier Europako Batzordeko Zuzenbide Estaturako, Oinarrizko Eskubideetarako eta Demokraziarako zuzendariak parte hartuko dute, besteak beste. Oraingoz ez da Espainiako Gobernuaren ordezkaririk ageri.
Europako Batzordeak jakinarazi du ez duela esango amnistia legeak Europako legedia urratzen duen ala ez, Espainiako Estatuan tramitazioa amaitzen den arte.