Politika -

Urteurrena

Aldarrikapena eta festa uztartu dituzte Etxarri Aranatzen Gure Eskuren lehen herri galdeketatik 10 urtera

Josu Etxaburu bozeramaileak Euskadi Irratiari aurreratu dio maiatzerako mendi ibilbide bat prestatzen ari direla. "Egindako lan oparoa elkarri aitortzeko eguna da gaurkoa", erantsi du.

Aldarrikapena eta festa uztartu dituzte Etxarri Aranatzen. Argazkia: Gure Esku
Aldarrikapena eta festa uztartu dituzte Etxarri Aranatzen
Aldarrikapena eta festa uztartu dituzte Etxarri Aranatzen. Argazkia: Gure Esku

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2014ko apirilaren 13an egin zuen Gure Esku ekimenak erabakitzeko eskubidearen aldeko lehen herri galdeketa, Etxarri Aranatzen, eta bertantxe batu dira gaur ere, 10. urtemuga ospatze aldera. Aldarrikapena eta festa uztartu dituzte goizetik, egitarau zabal eta betea lagun.

Ekitaldia ez ezik, herri bazkaria ere egin dute, eta dultzaineroek, erraldoiek, txarangak eta Trikidantz taldeak girotu dute hitzordua.

Etxarri Aranazko lehen kontsulta abiapuntu, beste 207 herritan egin dituzte galdeketak urteen joan-etorrian, eta 218.000 lagunek hartu dute parte horietan. 

Horiek guztiak omentzeko asmoarekin elkartu dira, hain zuzen ere, gaur Nafarroako udalerri horretan. Josu Etxaburu bozeramaileak Euskadi Irratiari azaldu dionez, "egindako lan oparoa elkarri aitortzeko eguna da gaurkoa".

"Aldarriak hor jarraitzen du, baina ez dugu ariketa nostalgiko bat egin nahi. Hasieratik erakutsi genuen herri bat garela, eta erabaki nahi dugula, eta bide horri jarraitzen diogu oraindik ere. Egin behar duguna da, beste batzuek beren mugarriak jarri dituzten moduan, guk geuk ere burujabetza prozesu horretan urratsak eman", adierazi du.

Etxaburuk uste du hurrengo legealdiak horretarako aukera ekarriko duela, "batera edo bestera esanda, autogobernuaren inguruko proposamenak jarri baitituzte mahai gainean".

"Bizi ditugun garai hauek abagunez betetako uneak dira. Herri erronka baten aurrean gaude, eta ezinbestean herri erantzun bat eman behar diogu", azaldu du.

Aurrera begira Gure Eskuk antolatuko dituen ekimenei buruz galdetuta, aurreratu du maiatzerako mendi ibilera bat prestatzen ari direla, nahiz eta ez duen horren gaineko xehetasun gehiagorik eman.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Nafarroa Gure Esku Eguneko albisteak Etxarri-Aranatz bideoak Albisteak Gernikako Estatutua