Politika -

Aberri Eguna

"Eskubide sozialak bermatuko dituen gobernu eta euskal estatu zintzoa" aldarrikatu du EH Bilduk Iruñean

Arnaldo Otegik esan duenez, "ukazio erradikal, demokratiko eta herritar bat egiteko" daude Iruñean: "Euskaldunak ez gara ez frantsesak eta ez espainolak, euskaldunok euskaldunak gara, eta kito". Euskaldunek harro egoteko motibo ugari dituztela azpimarratu du manifestazio jendetsuaren ostean.

Arnaldo Otegi, gaur, Iruñean EFE.
Arnaldo Otegi, gaur, Iruñean EFE.
Otegi: ''EH Bilduren proiektuak gobernu eta estatu bokazioa du''

0:50

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk Iruñeko kaleetan egin du Aberri Eguneko ekitaldi nagusia, eta manifestazio jendetsu batean, 15.000 lagunek aldarrikatu dute euskal nazioa. 

Euriari eta hotzari aurre eginez, eguerdian abiatu da manifestazioa, 'Nazioa gara' leloa zeraman pankartaren atzetik.

Zazpi lurraldeen armarria zuen zapi handi batek zabaldu du manifestazio jendetsua. Martxan zehar, independentziaren aldeko oihuak entzun dira, eta Nafarroako banderak, ikurrinak eta Kataluniako eta Palestinako banderak ikusi dira.

EH Bilduko ordezkariak Iruñeko manifestazioan. EFE.

Ezker subiranistako buruzagi nabarmenekin batera, Diana Riba ERCko eurodiputatua eta Ruben Cela BNGko nazioarteko harremanetarako eta exekutibako arduraduna izan dira Antoniutti parkean egin den ekitaldian.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak euskal aberria aldarrikatu du, eta "euria datorren bezala etorriko da ziklo politiko berria", esan du euripean.   

"Aberri Eguna batzuentzat iraganeko kontua da, eta beste batzuentzat inkongruentzia historiko baten zati bat, beste batzuetan, ohitura bat baino ez. Baina gu urtero gatoz Iruñera esatera ez dela ez bata ez bestea, herri mobilizazio eta herri indartsu baten ahotsak argi eta ozenki esaten duelako ukazio erradikal, demokratiko eta herritar bat egitera gatozela: euskaldunak ez gara ez frantsesak eta ez espainolak, euskaldunok euskaldunak gara, eta kito". 

"Gure ordez erabaki nahi duten" Espainiako eta Frantziako Gobernuei zuzenduta Otegik aldarrikatu duenez, "gure langileen, emakumeen eta gazteen arazoek hemen dute konponbidea, Euskal Herrian". Halaber, "euskaldun, abertzale eta sozialista izateaz harro" dagoela nabarmendu du, eta euskaldunek harro egoteko hainbat motibo dituztela esan du. Horren hitzetan, "aitzindariak gara eskubide sozialetan, osasunaren defentsan, hezkuntzaren defentsan, lurraren defentsan eta aberastasunak banatzearen defentsan". 

Era berean, "EH Bilduren ADN kultural eta politikoan txertatuta dauden antiarrazismoa, antimilitarismoa eta antiinperialismoa" azpimarratu ditu. "Gure herriak ezetz esan zion NATOn sartzeari, eta gerra-hotsak entzuten diren garaiotan, armagabetzea eta bakea eskatzen ditugu, eta burujabetza herri guztientzat", gaineratu du, aurrean zituen milaka pertsonen txalo artean, "genozidioa pairatzen ari den" palestinar herriari "besarkada estu bat" helaraztearekin batera.

Otegiren hitzetan, "gobernu alternatibo baten bokazioa duen proiektu nazionala gara, baina baita estatu bokazioa duena ere, estatu burujabe bat, gure helburua euskal errepublika delako". Ildo horretan, pozik agertu da "gobernuetara iristen" ari direlako. "Ez daukagu presarik, ez dugu antsietaterik, baina argi dugu helmuga, independentzia, eta bide horretan osatzen ari gara gehiengo sozialak, euskal jendartearekin, langileekin, euskal errepublika lortu arte; ez dezala inork zalantzan jarri". 

Herritarren eskubide sozialak bermatuko dituzten gobernu eta euskal estatu zintzo baten alde lan egingo dutela esan du EH Bilduko buruzagiak.

Ekitaldiaren ostean, festa ez da bukatu Iruñean, eta Alde Zaharrera abiatu da jendetza, trikitilariak, DJ-ak, gaiteroak, buruhandiak eta txarangak lagun zituztela. Gainera, Burgoen plazan haurrentzako gune bat ipini dute arratsaldean, eta Gaztelu plazan Perlata, Xiberoots eta Trikidantz taldeen kontzertuez gozatu ahal izan dute herritarrek. 

Manifestazioaren burua, gaur. EFE.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea Nafarroa Aberri Eguna Alderdi politikoak EH Bildu Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak Iruñeko Udala albisteak