Politika -

Euskadi Irratia

Garamendi: "Ez ditugu eskumenak hartu nahi edukitzeko bakarrik, gauzak hobetzeko baizik"

Renferen Aldiriak eta tituluen homologazioa eskuratu ostean, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak ez dio eperik jarri nahi izan migrazioaren eskualdaketari.

Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzaren Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua. Argazkia: EITB
Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzaren Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua. Argazkia: EITB
Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzaren Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua. Argazkia: EITB

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzaren Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua gustura agertu da azken egunotan Espainiako Gobernuarekin eskumenak eskualdatzeko lortutako akordioarekin, baina esan du ez dituztela eskumenak hartu nahi "edukitzeko bakarrik", baizik eta "gauzak hobetzeko".

Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, hain zuzen ere horregatik izan dute "negoziazio gogorra" Espainiako Gobernuarekin, eskualdaketa ez ezik, inbertsio planak adostu nahi zituztelako, zerbitzuak hobetu ahal izateko.

Pedro Sanchez presidente izendatzeko inbestidura akordioaren harira, eskumen bat geratzen da eskualdatzeko: migrazioarena. Horri buruzko lantalde teknikoak bilera egingo du astelehen honetan, baina ez du eperik jarri nahi izan, "hobetzeko asmoarekin" lortu nahi dutelako eskumena, eta horrek lan handiagoa eskatzen duelako negoziazioan.

Eskumen horrek zein onura ekarriko duen galdetuta, erantzun du, besteak beste, babesa lortu duten migratzaileak hezkuntzan, etxebizitza edo lana lortzeko zerbitzuetan, eta beste hainbatetan, sartzeko baliabideak izango dituztela.

Aldiriko trenen kasuan, esan du herritarren "bizi kalitatea" hobetzen saiatuko direla, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerbitzuetan inbertsioak eginez, eta Araban lehenengo aldiz zerbitzu hori eskaintzeko aukerarekin. Sei hilabeteko epea omen dute orain Renferekin subrogazioa sinatzeko.

Tituluen homologazioaren harira, kritikatu du orain arte Ministerioaren esku zegoela eta oso motela zela atzerrian lortutako tituluak homologatzeko prozesua, baina orain gauzak aurreratzen saiatuko direla, "lanbide kualifikatuetako pertsonak gure sisteman sartzeko".

Azkenik, esan du Gernikako Estatutua 45 urte betetzear den honetan, badela lege organikoa "buelta gehiagorik eman gabe" betetzeko "garaia".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Eusko Jaurlaritza Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Irratia euskaraz