Politika -
Autogobernua
Nafarroako hamaika alkatek "erasotzat" jo dute Auzitegi Gorenak trafiko eskumena bertan behera utzi izana
Nafar gehienen borondate politikoaren, eskubide sozialen eta autogobernuaren aurkako erabakia dela arbuiatu dute. Nafarroako gainerako alkateei igorriko diete manifestua eta elkarretaratzea ere deitu dute martxoaren 2an, 17:30ean, Sarasate pasealekuan "Nafarroa defendatu" goiburupean.
EITB Media
Nafarroako hamaika alkatek manifestua aurkeztu dute Auzitegi Gorenak trafiko eskumena bertan behera utzi izana salatzeko. Nafar gehienen borondate politikoaren, eskubide sozialen eta autogobernuaren aurkako erabakia dela arbuiatu dute Iruñean egindako agerraldian.
Burlata, Altsasu, Zizur Nagusia, Erriberri, Erronkari, Antsoain, Donamaria, Azkoien, Zirauki, Puiu eta Dorreagako alkateek sinatu dute manifestua eta, Iruñean aurkeztutako manifestua Nafarroako gainerako alkateei igortzearekin batera, dei egin diete herritarrei martxoaren 2an, 17:30ean, Sarasate pasealekuan "Nafarroa defendatu" goiburupean egingo den elkarretaratzean parte hartzeko.
Joan den astelehenean Auzitegi Gorenak atzera bota zuen trafiko eskumena Nafarroaren esku uzteko dekretua, eta aipatutako alkateen ustez erabakiak "Estatua birzentralizatzea xede duen bultzada politiko bati erantzuten dio".
Ez daude ados erabaki horrekin eta Nafarroako autogobernuak berriz ere erasoa jasan duela salatu dute: "Ez da autogobernuak jasaten duen lehen atzerapausoa, eta beharrezkoa da erantzun-jarrera irmoa hartzea, egoera berriro errepika ez dadin; errespetua eskatzen dugu", gaineratu dute.
Egoerari irtenbide eraginkorra emateko beharrezkoak diren lege formulak bilatzea galdegin dute.