Politika -
ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN
Otsaila hilabete "gakoa" izango da hiru eskumenen transferentzia gauzatzeko, Denis Itxasoren arabera
Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak ez du argitu eskualdatzeak otsailean egingo diren ala ez, baina "gertu" ibiliko direla adierazi du.
O. A. | EITB MEDIA
Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen bozeramailearen arabera, otsaila hilabete "gakoa" izango da PSOEk eta EAJk hitzartutako hiru eskumenen transferentzia (aldiriko trenak, unibertsitate tituluen homologazioa eta asilo-eskatzaileen autonomia fasea) gauzatzeko.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, horrek ez du esan nahi eskualdatzeak otsailean bertan egingo direnik, baina onartu du "asko" aurreratzen ari direla eta data horietatik "gertu" ibiliko direla. "Esango nuke konfiantzazko giro bat daukagula bi gobernuen artean gauzak ondo egiteko", gaineratu du.
Epe motzean, Itxasok Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari izateari utziko dio, PSE-EEren Gipuzkoako zerrendaburua izango baita Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Horren esanetan, zerrendak aurkezten dituztenean, bere egungo karguan dimisioa aurkeztu beharko du.
Eneko Andueza izango da PSE-EEren lehendakarigaia Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, eta eibartarraren profila goraipatu du Itxasok. Horren iritziz, Euskadik "lidergo estiloak" aldatzeko beharra du: "Esango nuke beharrezkoa dela Enekok ordezkatzen duen lidergo estilo hori Euskadira ekartzea". Zehazki, "gertuko politikariak, umilak eta kritikak onartzen dakitenak" behar dira, horren hitzetan. "Zerbitzu publikoen eta gure autogobernuaren gestioan gauza asko egon daitezke hobetzeko, eta ez da ezer gertatzen horrelako planteamendu bat egiteagatik", gehitu du.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak hezkuntzan eta osasungintzan egindako kudeaketarekin kritiko mintzatu da.