Politika -
Nafarroa
UPNk txosten juridiko batean ezarritako jarraibideak segituko ditu udalen elkarte berri bat sortzeko
EH Bilduk eta PSNk Iruñeko zentsura mozioa adostu zutenean, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa utzi eta elkarte berri bat sortuko zutela iragarri zuten erregionalistek. Neurriaren aurrean, Federazioa babesteko ekimena aurkeztu du PSNk Foru Ganberan.
Agentziak | EITB Media
UPNk lehengo lepotik du burua, eta EH Bilduk eta PSNk Iruñeko zentsura mozioa adostu zutenean iragarri bezala, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaz aparte, beste udal elkarte bat sortzeko pausoak abiatu ditu. Gaur-gaurkoz Xabier Alkuaz (EH Bildu) Tafallako alkatea da Federazioaren presidentea.
Marta Alvarez UPNko parlamentari eta alderdiko Batzorde Exekutiboko kideak agerraldi batean azaldu duenez, "aho batez adostu genuen udalen elkarte berri bat sortzea, Nafarroako aniztasuna errespetatuko duen elkarte demokratiko bat, eta Nafarroako alderdi handiena errespetatu eta aintzat hartuko duena".
Javier Esparza buru duen alderdiak abendu erdialdean hartu zuen erabakia, eta elkarte hori sortzeko "jarraitu beharreko urratsak eta moldeak" zehazteko txosten juridikoa eskatu. "Txostena mahai gainean dugu, eta horren arabera jardungo dugu", erantsi du.
Ingurumari horretan, PSNk mozioa aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan, ganberak Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekiko babesa berrets dezan, eta erakundeak foru erkidegoko "tokian tokiko erakundeen "autonomiaren alde" lanean jarrai dezan.
Ramon Alzorriz sozialisten bozeramailearen ustez, "40 urte baino gehiago dituen erakunde bati ezin diote modu honetara eraso egin, Javier Esparzak alderdikeriagatik bere burua defendatzeko erabil nahi izateagatik".
Ildo beretik mintzatu da Pablo Azcona Geroa Bairen bozeramailea ere. Nabarmendu duenez, "garrantzitsua da udalek Federazioarekin konpromisoa mantentzea, udalgintzak alderdien interesez harago doazen interes komunak ditu. UPN estrategia okerrarekin dabilela uste dugu 40 urte baino gehiagoz Nafarroako udalgintzan izan den ekintza batasun hori apurtu nahian".