Politika -

Nafarroa

Iruñeko hiruko gobernu berriak lehen bilera egin du, eta aurrekontuak luzatu ditu kontu berriak onartu arte

Iruñeak 2021etik luzatutako aurrekontuak zituen. Udal gobernu berriak zortzi zinegotzi delegatu eta bi zinegotzi berezi izango ditu.

Iruñeko hiruko gobernuaren aurreneko bilera. Argazkia: EFE
Iruñeko hiruko gobernuaren aurreneko bilera. Argazkia: EFE
Iruñeko hiruko gobernuaren aurreneko bilera. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko Udalak, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, udal aurrekontuak luzatzea onartu du, abenduaren 31 baino lehen ez baita hirirako aurrekontu berririk aurrera atera.

Horrela, egungo aurrekontua indarrean egongo da Udalbatzak kontu berriak onartu arte. "Luzapen hau beharrezkoa da Udalak ekitaldi berrian zehar ordainketak egiten eta funtzionatzen jarraitu ahal izateko", Udalak jakinarazi duenez.

Iruñeak 2021etik luzatutako aurrekontuak zituen. Azken ekitaldi horretan, Udalbatzak hiriko gastuak eta diru-sarrerak adostea lortu zuen.

Zortzi zinegotzi delegatu eta bi zinegotzi berezi

Bestalde, ostiral honetan jakitera eman dutenez, udal gobernu berriak zortzi zinegotzi delegatu eta bi zinegotzi berezi izango ditu. Hala onartu du Joseba Asiron Iruñeko alkateak, Alkatetzaren dekretu bidez. Bertan, Iruñeko Udaleko kudeaketa arloen ardura EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin indar politikoetako zinegotzien esku utzi du.

Zehazki, Giza Baliabideen, Ogasunaren eta Kontratazio Arduratsuaren arloa ezarri da, eta Garbiñe Bueno (EH Bildu) izango da horren arduraduna. Era berean, Joxe Abaurreak (EH Bildu) Gobernu Estrategikoa, Hirigintza, Etxebizitza eta 2030 Agenda arloa zuzenduko du. Kultura, Jaiak eta Hezkuntza arloa Maider Belokik (EH Bildu) gidatuko du, eta Segurtasuna eta Herritarren Bizikidetza arloa, berriz, Endika Alonsok (EH Bildu).

Bestalde, Borja Izagirrek (EH Bildu) hartuko du Hiri Bizigarri eta Jasangarriaren zinegotzi funtzioa, eta Zaloa Basabek (EH Bildu), Berdintasun, Komunitate Ekintza eta Auzoena. Azken horren menpe egongo da Herritarren Partaidetzarako eta Euskararako zinegotzi berezi bat, Aitziber Campionek (EH Bildu) bere gain hartzen duena.

Koldo Martinez Geroa Baiko Iruñeko Udaleko bozeramailea Ekonomia Sustapen, Berrikuntza, Europako Proiekzio, Garapenerako Lankidetza eta Gazteria arloko buru izango da, eta horren menpe egongo da Berrikuntza, Europako Proiekzioa eta Garapenerako Lankidetza zinegotzi berezia, Mikel Armendariz Geroa Baiko zinegotziak bere gain hartuko duena. Bestalde, Zurekin Talde Mistoko zinegotzi Txema Mauleonek hartuko du Gizarte Ekintzako zinegotzi delegatuaren ardura.

Hala ere, izendapen horiek guztiak urtarrilaren 16ra arte ez dira indarrean sartuko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea Geroa Bai Nafarroa EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Podemos gaur Iruñeko Udala