Politika -

ZENTSURA MOZIOA

Udal gobernu berrirako akordioa asteburua baino lehen iragarri dezakete Iruñean

Hala aurreratu du Txema Mauleon Zurekin Nafarroako zinegotziak, eta negoziaketak norabide egokian doazela adierazi du. Bien bitartean, hiriko ordenantza fiskalak onartzeko ez ohiko bilkurarik ez duela egingo berretsi du Cristina Ibarrola Iruñeko alkateak.

Iruñeko Udala artxiboko irudi batean
Iruñeko Udala artxiboko irudi batean
Iruñeko Udala artxiboko irudi batean

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñean aurrera doaz udal gobernu berria osatzeko talde politikoen arteko negoziaketak. Bilerak etengabekoak dira EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroaren artean, eta akordioa oso gertu egon liteke, negoziazio iturri ezberdinen arabera. Asteburua baino lehen iragartzea da asmoa, Txema Mauleon Zurekin Nafarroako zinegotziak aurreratu duenez. Bera da bakarra publikoki adierazpenak egin dituena.

Datarik zehaztu ez badute ere, Mauleonek adierazi du norabide egokian doazela negoziaketak. "Programaren zertzelada batzuk baino ez dira falta", esan du, eta gaineratu du hartu emanak etengabekoak izaten ari direla akordioa ahalik eta agudoen ixteko.

"Nik espero dut aste honetan prozesua amaitzeko gai izango garela. "Balorazio positiboa egiten dugu, hiria aldatzeko eta eraldatzeko anbizio handiko programa izango dela uste baitut", esan du.

Bien bitartean, baina, Iruñeak datorren urterako izango dituen ordenantza fiskalak dira polemika iturri; izan ere, UPNk aurkeztutako proposamena aho batez onartu zuten alderdiek batzordean, baina udal bilkuran berretsi behar zenean, Cristina Ibarrolak bertan behera utzi zuen bilkura, zentsura mozioa aurkeztu zela argudiatuta.

EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekin koalizioak elkarrekin idatzi bat sinatu zuten atzo, asteazkena, Iruñeko alkateari osoko bilkura lehenbailehen dei zezan eskatzeko, kontribuzio-zerga arautzen duen 1 zenbakiko ordenantza fiskalaren aldaketak behin betiko onartzeko.

Oposizioaren eskaerei muzin eginez, baina, Cristina Ibarrolak orain ez du ez ohiko bilkurarik deitu nahi, eta Iruñeak 250.000 euro galtzen baditu, Joseba Asironen ardura dela dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñeko argazkiak UPN PSN Geroa Bai Nafarroako albisteak EH Bildu Bizkaia EH Bildu Iruñea Gaurko titularrak Albisteak Nafarroako Podemos gaur Iruñeko Udala albisteak Cristina Ibarrola