Politika -

ESPAINIA

Sanchez eta Feijoo, Kongresuan bilduta

Besteak beste, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren erreforma, Amnistia Legea edo Iruñeko zentsura mozioa izango dituzte hizpide bi buruzagiek, baina akordioak ixteko aukera gutxi dago.

Sanchez eta Feijoo, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Sanchez eta Feijoo, artxiboko irudi batean
Sanchez eta Feijoo, Kongresuan bilduta

0:25

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta Alberto Nuñez Feijoo PPko buruzagiak bilera egin dute gaur, 10:30etatik aurrera, Diputatuen Kongresuan.

PPko iturrien arabera, Javier Esparza UPNko presidentearekin "gaur bertan" harremanetan jartzeko eskatuko dio Feijook Sanchezi, "Iruñeko zentsura mozioa gelditzea adosteko". PSOEk "alternatiba" bat bilatzen ez badu, PPk egintzat emango du EH Bilduri inbestiduragatik emandako ordaina dela. Kasu horretan, mugarri izango litzateke Espainiako politikan, eta PP eta PSOEren arteko harremanetan.

Oposizioburuak atzerri eta defentsa politikari buruzko informazio "zehatza" eskatuko dio gobernuburuari, eta baita enpresa handiak "kontrolatzeko" diru publikoa erabiltzeko planen inguruan ere.

Halaber, PPko presidenteak Espainiako Konstituzioaren 49. artikulutik gutxitu ("disminuido") hitza kentzea proposatuko dio Sanchezi. "Yolanda Diazek Konstituzioaren aldaketa gai honetara mugatuko dela bermatzen badu eta beste helburu batzuetarako erabiltzen ez badu, gaur bertan itxi daiteke akordioa", aurreratu dute PPko iturriek.

Bilera Sanchezek deitu du, baina Feijook ezarri ditu lekua eta gai ordena. Egunak zeramatzaten biek ala biek hitzorduaren kontuarekin gora eta behera, eta azkenean, asteazkenean jakinarazi zuen PPko buruak eskaintza onartzen zuela. Aurrez, Espainiako gobernuburuak batzarra "nahi zuenean, nahi zuen bezala, nahi zuenaz eta nahi zuen tokian" egiteko prest zegoela esan zion Feijoori. 

Jarrerak oso aldenduta daudela iritsiko dira biak batzarrera. Giro politikoa erabat zakartuta dago, batetik, PSOEk EH Bildurekin eta Kataluniako alderdi independentistekin lortutako akordioek eskuina haserrearazi dutelako, eta bestetik, eskuinak horien kontra deitutako protestak kaleetako giroa tenkatu dutelako. 

Esan bezala, bilera Kongresuan egingo dute, Feijook proposatuta. Hitzordua "harrokeriarik eta inposiziorik gabe, eta gai zerrenda ofizial batekin" egitea proposatu zuen PPko buruak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Politika PSOE PP Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Alberto Núñez Feijóo