Politika -
ZENTSURA-MOZIOA
Milaka lagunek parte hartu dute Iruñeko zentsura-mozioaren aurkako elkarretaratzean
Javier Esparza UPNko presidenteak, Cristina Ibarrola alkateak eta Yolanda Barcina Nafarroako presidente ohiak ere parte hartu dute mobilizazioan.
AGENTZIAK | EITB Media
Milaka lagunek parte hartu dute eguerdian Iruñeko Udaletxe plazan UPNko Cristina Ibarrola alkatearen aurkako zentsura-mozioa salatzeko antolatu den elkarretaratzean.
"Iruñea ez dago salgai" lelopean egin dute bilkura, eta "Memoria, duintasuna eta justizia" eta "Traizioa" irakurri da protestarien karteletan. Ibarrolaren aldeko eta Joseba Asironen aurkako oihuak ere izan dira bertan. Javier Esparza UPNko presidenteak, Cristina Ibarrola alkateak eta Yolanda Barcina Nafarroako presidente ohiak ere parte hartu dute mobilizazioan. Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentea ere izan da Iruñean, Nafarroako zuzendaritzarekin batera, eta Juan Garcia-Gallardo Gaztela eta Leongo presidenteorde eta Voxeko kideak ere hartu du parte protestan.
Ekitaldian, Cristina Ibarrola Pedro Sanchez presidenteari zuzendu zaio. "Herrialde honi gertatu zaion okerrena zara, okerrena", esan dio. Sozialistekin oso kritiko agertu da Ibarrola, eta hiriarentzat ona bada, bere garaian zergatik ez zuten Joseba Asiron egin alkate galdetu die.
Ibarrolaren iritziz, "Iruñeko Udala koroaren harribitxia da EH Bildurentzat, udal hau beste edozein udal baino askoz ere garrantzitsuagoa da, estrategikoa da Otegirentzat eta haren jarraitzaileentzat, eta hala da Iruñea eta Nafarroa euskalduntzea funtsezkoa delako Euskal Herria eraikitzeko".
Javier Esparza UPNko presidentearen esanetan, "Iruñea ez dago salgai" eta "Iruñeak ez du inoiz etsiko". Halaber, "Sanchezek Iruñea faxismo abertzaleari entregatu dio", salatu du.
"PSOEk, Pedro Sanchez eta Maria Chivite buru dituela, askatasunak eta duintasun demokratikoa irainduko ditu", esan du Esparzak, eta gaineratu duenez, "EH Bilduri beste ordainketa bat eginda, alkatetza emango dio PSOEk". "Hemen gaude esateko ez zaiola doan aterako eta Nafarroak ez duela traizio hori ahaztuko", gaineratu du.
Alberto Nuñez Feijoo, Iruñean
Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentea ere egon da bertan. Ekitaldiaren aurretik egindako adierazpenetan, PSNk eta PSOEk Iruñeari erakutsitako "duintasun falta" salatu du, zentsura-mozioa babesteagatik. "Espainia konstituzionala zatitzeko eta banatzeko beste adreilu bat jartzea" leporatu dio Pedro Sanchez Espainiako presidenteari, "kasu honetan Nafarroa bere harresirako erabiliz".
Voxen ordezkari gisa, Juan Garcia-Gallardo Gaztela eta Leongo presidenteordea egon da Iruñean. "ETAk Espainiako Langileen Alderdi Sozialistaren botoekin gobernatuko du Iruñean", esan du.
Ekitaldiaren ostean PSNren egoitzara joateko deia egin zien Voxek jarraitzaileei. Berrogeita hamar pertsona inguru bildu dira PSNk Sarasate pasealekuan duen egoitzaren aurrean.