Politika -

Zentsura-mozioa

Iruñeko Gobernu berria adosteko bilerak hasi dira, UPNk Nafarroako Udalen Federazioa utzi duen bitartean

Horrela, Asiron Geroa Bai eta Zurekin indar politikoekin harremanetan jarri da, Gobernu programa bateratu bat adosteko bidean aurrera egiteko. Bitartean, UPNk, iragarri bezala, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa utzi du.

EH Bildu eta Geroa Bai koalizioen arteko bilera, Iruñean. Argazkia: EFE
EH Bildu eta Geroa Bai koalizioen arteko bilera, Iruñean. Argazkia: EFE
EH Bildu eta Geroa Bai koalizioen arteko bilera, Iruñean. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Asiron Iruñeko alkategaia buru duen EH Bilduren udal taldeko ordezkaritza bat Geroa Bai eta Zurekin talde politikoekin harremanetan hasi da gaur arratsaldean, Gobernu programa bateratua adosteko bidean aurrera egiteko. Bitartean, UPNk, iragarri bezala, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziotik alde egin du, ez baita joan gaur arratsaldean Nafarroako hiriburuan egitekoa zen ohiko batzar nagusira, erakundearen plan estrategikoa eta 2024ko aurrekontuak onartzeko, besteak beste.

EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Zurekin indar politikoek zentsura-mozioa erregistratu ostean, Asironek iragarri zuen "bloke aurrerakoiko" indarrekin bilera sorta bat hasiko zutela, legealdiaren ardatza izango den akordio programatikoa negoziatzeko.

Lehenengo bilerak gaur arratsaldean izan dira udaletxean, lehenik Geroa Bairekin eta ondoren Zurekin talde politikoarekin. Bi koalizio horietako zinegotziekin izandako bilera horietan, Asironek Joxe Abaurrea eta Garbiñe Bueno EH Bilduko zinegotziak izan ditu lagun.

Geroa Baik Iruñeko Udalean dituen bi zinegotziek "pozik" hartu dute EH Bilduk zentsura-mozioarekin bat egiteko egindako deia. PSNrekin itxitako akordioa "oso, oso atzetik" datorrela esan dute. Geroa Baiko ordezkariek ez dute Iruñean "talka sozialik" egotea nahi.

Koldo Martinez Geroa Baiko zerrendaburu eta egungo zinegotziak azaldu du, prentsaurrekoan, alderdi sozialistaren jarrera "goitik behera aldatu" dela, eta PSOEk eta EH Bilduk Pedro Sanchez presidente egiteko egindako negoziazioekin "lotura zuzena" izan dezakeela, baina "susmoa baino ez da", zehaztu du, akordio baten berri ez duela ziurtatu ostean.

Bestalde, Joseba Asiron "baikor" agertu da, PSNrekin adostutakoaren ildotik, Geroa Bai eta Zurekin akordioan barneratzeko aukeraren inguruan, "elkarbizitzaren legealdia" izan dadin.

Ohar batean, EH Bilduk azaldu du Geroa Bairi eta Zurekin indar politikoari legealdirako gobernu-programa eratzeko oinarrien proposamena helarazi diela, lau ardatzekin: batetik, "berdintasuna, bizikidetza, aniztasuna eta zaintza sustatzen dituzten neurriak", eta, bestetik, "etxebizitza sozialetarako, kultura-ekipamenduetarako eta kalitatezko espazio publikorako proposamenak".

Hirugarren proposamenak "trantsizio energetikoa, mugikortasun iraunkorra eta hiriaren birnaturalizazioa" ditu ardatz, eta laugarrenak eta azkenak Auzoen Egitasmo bat izango luke ardatz, "hiriko auzo bakoitzean inbertitzeko lehentasunak jasoko lituzkeena, Erripagaña zerrendan sartuz".

EH Bildu eta Zurekin koalizioen arteko bilera, Iruñean. Argazkia: EFE

Bestalde, aulki huts ugari dituen areto baten aitzinean, Xabier Alcuaz Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidenteak esan du UPNko inor ez dela harremanetan jarri erakundearekin. Alcuazen arabera, "legealdiko lehen batzarra egin aurretik hartutako erabaki honek harritu egiten gaitu". "Ez da ulergarria batzuek erakunde horren funtzionamenduari buruz duten ideia", adierazi du, eta argitu du "toki-erakundeek osatzen dugula, ez alderdiek".

EH Bilduko Tafallako alkate ere badenak jakinarazi duenez, "gaur goizean mezu bat bidali diot Alejandro Toquero federazioko lehen presidenteorde eta Tuterako alkateari, bilera bat egiteko prest gaudela azalduz, edozein gai aztertzeko, Toki Araubidearen batzordea barne". "Gure asmoa aukera politiko guztien presentzia bermatzea da", ziurtatu du.

Iragarritako plantoa

UPNk joan den asteazkeneko azken orduan jakinarazi zuen, Iruñean zentsura mozioaren berri izan zen egunean, bere gobernupeko udalerriak ez direla aurrerantzean Federazioko kide izango.

Alderdi erregionalistak erakunde hori utzi eta "demokratikoa izango den eta Nafarroako aniztasuna errespetatuko duen" udal elkarte berri bat sortzeko erabakia hartu zuen. Era berean, udal mailan PSNrekin dituen akordioen hausturaren berri eman zuen.

Egoera hori Orkoienen eman da; izan ere, Diego Viñas alkateorde eta UPNko bozeramaileak gaur goizean iragarri du uko egingo diola dedikazio partzialari, bai eta bera eta beste zinegotzi erregionalistak zituzten batzordeen presidentetzari ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea UPN Geroa Bai Nafarroa EH Bildu Joseba Asiron Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Nafarroa Iruñeko Udala