Politika -
Hezkuntza Legea
EH Bilduk Hezkuntza Legearen kontra bozkatuko du, oinarriek hala berretsita
Horrela, Hezkuntza Legearen aurka bozkatzeko EH Bilduren Mahai Politikoaren proposamena militanteen % 95ek babestu dute; % 3k Mahai Politikoak egindako proposamenaren kontrako botoa eman dute eta % 1ek boto zuria eman dute. EAEko militanteen %41ek parte hartu dute bozketan.
EITB Media
EH Bilduren oinarriek berretsi egin dute astelehenean Mahai Politikoak Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten bi alderdiek (EAJk eta PSE-EEk) adostutako Hezkuntza Lege proiektuaren aurka bozkatzeko egindako proposamena, koalizioak astearte honetan ohar baten bidez jakitera eman duenez.
Astelehenean, EH Bilduren Mahai Politikoak proposamen hori militanteei aurkeztea erabaki zuen. Astelehen arratsaldean bertan egin zen oinarriei irekitako batzarra, eta bertan azaldu ziren boto-orientazio horren arrazoiak eta Eusko Legebiltzarrean legearen tramitazioa nola izan den.
Hortik aurrera, ezker subiranistaren zuzendaritza politikoaren proposamena bozkatu ahal izan dute militanteek. Gaur arratsaldeko 19:00etan itxi da bozketa.
Hezkuntza Legearen aurka bozkatzeko EH Bilduren Mahai Politikoaren proposamena militanteen % 95,74ak babestu dute; % 3,01k Mahai Politikoak egindako proposamenaren kontrako botoa eman dute eta % 1,24k boto zuria eman dute. Boto eskubidea zeukaten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako militanteen %41,2k parte hartu dute bozketan.
Gauzak horrela, EH Bilduk hartu du erabakia, EAJk eta PSE-EEk, sozialistek eskatuta, legearen zioen azalpenean hizkuntza ereduek indarrean jarraitzen dutela berretsi ostean, koalizio abertzaleak ereduen sistema baztertzen duenean.
Barne bozketaren ostean, zaila dirudi EH Bilduk bere botoa aldatzea, baina Eusko Jaurlaritzak esan du oraindik denbora dagoela abenduaren 21eko osoko bilkuran legea bozkatu aurretik akordioa lortzeko "borondatea badago". Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak adierazi du "ulergaitza" dela EH Bildu Hezkuntza Legearen "testu osotik aldentzea".
Gaur goizean bertan, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak kritikatu egin du EAEko Hezkuntza Legea "korrika eta presaka" onartzea, EAJren eta PSEren boto bakarrekin, "jarduneko Gobernu bat" eta "datozen hauteskundeetan egongo ez den lehendakari bat" daudenean, haren alderdiak hala erabakita. Gainera, EAJri leporatu dio PSE-EEri "men egitea" gai honetan, eta ohartarazi du "legeak alda daitezkeela, eta aldatu egingo direla".
Hezkuntza Lege Proiektuaren txostena asteazken honetan onartuko dute Eusko Legebiltzarreko lantaldean, 15:30etik aurrera.