Politika -

Hauteskundeak

Imanol Pradales lehendakarigai izatea proposatu die EBBk alderdikideei

Pradales Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saileko foru diputatua da. EBBk alderdia gidatuko duen "belaunaldi berri bati bidea zabaltzen" dio horrela.

Imanol Pradalesen artxiboko irudia
Imanol Pradalesen artxiboko irudia
Imanol Pradalesen artxiboko irudia

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Imanol Pradales da Euzkadi Buru Batzarrak (EBB) EAEko hauteskundeetan alderdikideei lehendakarigai izateko proposatuko dien hautagaia. Ostiralean jakin zen Iñigo Urkullu lehendakariak ez duela hautagai gisa errepikatuko. EBBk ezohiko bilera egin du larunbat goizean, eta Alderdiaren Lehendakaritzarako, Eusko Legebiltzarrerako eta Europako Parlamenturako hautagaitzak hautatzeko barne-prozesuari hasiera ematea erabaki du.

EAJk argitaratutako ohar batean Andoni Ortuzar EBBko presidenteak adierazi duenez, "Euzkadi Buru Batzarrak Urkullu lehendakariak azken hiru legealdi hauetan egin duen lan eskerga eskertzen eta aintzatesten du. Ia hamabi urteko konpromiso eta dedikazioa izan dira, Euskadiren alde eta bere gobernuan, beti herritargoaren onbeharrez eta krisi ekonomikoek, pandemiek eta nazioarteko zein gure gizarteko gatazkek konplikatu dituzten garaietan. Gure alderdiak oso modu positiboan baloratzen ditu bere jarduna eta gure autogobernuaren goi ordezkaritza".

Oharrak EBBko presidenteak epe ertain eta luzerako etorkizunari buruz egin duen hausnarketarekin jarraitzen du. "Epe ertain eta luzera begiratuz eta Urkullu lehendakariak eta bere gobernuak utzi diguten asebetetze oinarri handiarekin, EBBk ulertzen du une egokia dela belaunaldi berri bati bidea irekitzea datozen hamarkadetan euskal erakundeak gobernatu ahal izango dituenak gure herriarentzat planteatzen diren ziurgabetasun eta aukerez betetako garaiak datozela ikusirik", gaineratu du jeltzaleen presidenteak. Pradalesek "belaunaldi hori gorpuzten du", EBBren iritziz. 

Imanol Pradales Gil (Santurtzi, 1975) Santurtziko Uri Erakundeko alderdikidea da. Soziologian doktore eta hiru eleduna da, hainbat master egin ditu eta "soberan erakutsi du kudeatzeko gaitasuna duela", EAJren arabera. "Alderdiak azken hamar urteotan garatu dituen hausnarketa eta berrikuntza prozesuetan egin dituen ekarpenek bihurtu dute gure barruko eta kanpoko errealitate politikoaren aditu", dio oharrak. 2011. urtetik ari da Bizkaiko Foru Aldundian lanean.

Alderdiaren hautagaiak ez ditu EBBk izendatzen, baina tokiko erakundeei barne hauteskunde prozesua hasteko proposamena egiten die eta batzokietako bozketetan erabakitzen dira hautagaiak. Gainera, barne prozesu horren lehen itzulian, EBBk ez ezik, udal erakundeek ere proposa ditzakete hautagaiak. Batzokietako bozketen bigarren itzuliko emaitzak erabakitzen du hautagai nor izango den; izan ere, Batzar Nazionaleko ahaldun bakoitzak berak ordezkatzen duen udal taldeak bozkatu duena bozkatu behar du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika EAJ-PNV Gipuzkoa Iñigo Urkullu biografia Andoni Ortuzar Zenbat hautagai daude hauteskundeetan? Gaurko titularrak Eguneko albisteak Albisteak Imanol Pradales