Politika -

ELKARRIZKETA, RADIO EUSKADIN

EH Bilduk EAEko Hezkuntza Legearen aurka bozkatuko duela iragarri du Arnaldo Otegik

EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren esanetan, EAJk eta PSE-EEk ez diote erantzun koalizio subiranistak egoera bideratzeko egindako eskariari.

Arnaldo Otegi Radio Euskadin
Arnaldo Otegi Radio Euskadin
Arnaldo Otegi Radio Euskadin

O. A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnaldo Otegik iragarri du EH Bilduk EAEko Hezkuntza Legearen aurka bozkatuko duela "gauzak aldatzen ez badira", eredu linguistikoei erreferentzia eginez. Bihar (asteartea) amaituko da koalizio subiranistak egoera bideratzeko gainerako alderdiei egin zien ultimatuma, eta, Otegiren esanetan, ez da EAJren eta PSE-EEren aldetik inolako erantzunik egon. 

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan adierazi duenez, "akats handia" izango litzateke "seguru asko hezkuntza komunitatean, arlo sindikal eta sozialean, gehiengoa duen indar politikoaren babesik gabe onartzea" legea.

Bestalde, lehendakarigai izango ote den galdetuta, erantzun du erabakia hartuta duela, baina ez duela jakinaraziko EH Bilduren Mahai Politikoak ez duelako oraindik eztabaida hori abiatu. Otegik iradoki du ez dela aurkeztuko, nahiz eta ez duen baieztatu. Aitzitik, berretsi egin du EH Bilduren kongresua datorren urteko irailera aurreratuko dela, eta berriro aurkeztuko dela koordinatzaile nagusi kargura.

Iruñeko Udala ere hizpide izan du, eta Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteari erantzun dio UPNko alkatearen kudeaketa gustatzen ez bazaio erraza duela aldaketa. Nolanahi ere, azaldu du une honetan Ibarrolaren aurkako zentsura mozioa ez dagoela mahai gainean, baina ez du aukera hori baztertu.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak uste du abiatu den legegintzaldi honetan nazio aniztasunaren eztabaida ireki behar dela, "Estatuan eredu demokratiko aurreratua egonkortzeko egin beharreko bidea delako". Horren esanetan, "Estatu plurinazionala dela onartu behar du Espainiak, eta Euskal Herria nazio bat dela Estatuko beste nazio batzuen artean". 

"Nazio aniztasunarena amaitu gabeko eztabaida da, Trantsizioaren garaian ez zelako behar zen moduan jorratu", Otegiren hitzetan. Testuinguru horretan, EH Bilduk Euskal Herriaren nazio izaera defendatuko duela nabarmendu du. EAJrekin ez ezik, PSOErekin, Sumarrekin, Geroa Bairekin eta "mundu guztiarekin" ere EAEn eta Nafarroan akordioak lortzearen alde hitz egin du. Gainera, eztabaidak ia eragile politiko guztien jarrerak bateratzeko balio behar duela uste du eskumenen, subiranotasunaren edo lurraldetasunaren inguruan, "Espainiako eskuina ez baita hor egongo".

"Ahalik eta adostasun handiena izango duen esparru bat eraikitzearen aldeko apustua egin dugu beti. Gure ustez, horrek esan nahi du guztiok adosteko aukera izango dugun foroak eraikitzea", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika EAJ-PNV Bizkaia EH Bildu Nafarroa PSE-EE berriak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Hezkuntzako albisteak 2024 Hezkuntza legea