Politika -

Espainiako Gobernua

Bruselak amnistiaren legeari buruzko informazioa eskatu dio Pedro Sanchezen jarduneko gobernuari

Espainiako Presidentetzako ministro Felix Bolañosek gutun bat bidali dio Didier Reynders Europako Justizia komisarioari, eta idatzi horren bidez jakinarazi dio Kongresuan amnistiaren lege proposamena onartzen bada, horren gaineko xehetasun guztiak emango dizkiola.

Didier Reynders eta Jose Manuel Albares Atzerri ministroa, artxiboko irudian. Argazkia: EFE
Didier Reynders eta Jose Manuel Albares Atzerri ministroa, artxiboko irudian. Argazkia: EFE
Didier Reynders eta Jose Manuel Albares Atzerri ministroa, artxiboko irudian. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Didier Reynders Europako Justizia komisarioak Pedro Sanchezen inbestidura ahalbidetzeko PSOE eta Junts negoziatzen ari diren amnistia legearen inguruko informazio "zehatza" eskatu dio jarduneko Espainiako Gobernuari.

Zehazki, aurreikusitako lege horren irismen pertsonalari, materialari eta denborari buruzko informazioa eskatu die gutun bidez Felix Bolaños jarduneko Presidentetzako ministroari eta Pilar Llop Justiziako ministroari.

Belgikako politikariak xehetasun horiek eskatzeko argudiatzen duenez, "orain kezka handiak daude amnistia lege bat onartzeari buruz egiten ari diren eztabaiden inguruan". Eta, gaineratu duenez, "oraingoz proposamen formalik ez badago ere, eztabaida publikoan garrantzi handiko gaia bihurtu da".

PSOEren eta Juntsen arteko negoziazioek etenik gabe jarraitzen dute Bruselan, baina Pedro Sanchezen inbestidura posible egingo lukeen balizko akordio bat noiz itxi daitekeen argi eta garbi ikusi gabe.

Bere gutunean, Reyndersek jarduneko Espainiako Gobernuari gogorarazi dio, uztailaren 23ko hauteskunde orokorren ondoren, "Botere Judizialaren Kontseiluaren egoera lehenesteko eta atzerapenik gabe jorratzeko garaia" dela.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzea "kezka handiak sortzen dituen kontua da, eta Batzordeak konponbideak eskatu ditu askotan", gogoratu du Reyndersek Bolañosi eta Llopi bidalitako gutunean.

Justizia komisarioak adierazi duenez, Europako Batzordeak Espainiako zuzenbide-estatuari buruzko hainbat txostenetan behin eta berriz eskatu badu ere, "ez da aurrerapausorik eman, nahiz eta premiazkoa izan".

Gainera, ziurtatu duenez, "ez da neurririk hartu epaile-kideak izendatzeko prozedura Europako estandarretara egokitzeko". Hori dela eta, azpimarratu du Europar Batasuneko Exekutiboak "berriro eskatu behar diela parte hartzen duten alderdi guztiei 2022ko eta 2023ko Zuzenbide Estatuari buruzko Txostenetan egindako gomendioak inplementatzeko".

Espainiako iturri sozialistek adierazi zuten ez daudela kezkatuta Reyndersen eskutitzarekin, amnistiaren legea konstituzionala izango delakoan.

Reyndersen gutun osoa X sare sozialean (lehen Twitter) argitaratu zuen bart Adrian Vazquez Ciudadanoseko eurodiputatu eta Europako Parlamentuko Gai Juridikoen Batzordeko presidenteak, eta eskerrak eman zizkion Europako komisarioari "mugimendu garrantzitsu honengatik".

"Europa azalpenak eskatzen ari zaio Sanchezi Puigdemonti eta oso delitu larrien erantzule diren beste askori eman nahi dien amnistiagatik. Lanak fruituak ematen ditu. Lanean jarraitzen dugu", idatzi zuen Vazquezek Reyndersek Bolaños eta Lloperi bidalitako gutunaren argazkiarekin batera.

Bolañosek azalpenak emango dizkio Reyndersi

Espainiako Presidentetzako ministro Felix Bolañosek gutun bat bidali dio Didier Reynders Europako Justizia komisarioari, eta idatzi horren bidez jakinarazi dio Kongresuan amnistiaren lege proposamena onartzen bada, horren gaineko xehetasun guztiak emango dizkiola.

Erantzun gutun horretan, Bolañosek azaldu dio komunikabideen bidez jaso duela Bruselaren eskaria, eta adierazi dio bai amnistiaren proposamenak eta baita Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren berritzea ez direla Gobernuari dagozkion erabakiak, Parlamentuari baizik.

Dena den, esan dio Gobernuak pozik jardungo duela Europako Batzordearekin elkarlanean, eta beharrezko dituzten kontu guztien gaineko informazioa emango diela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Alderdi Sozialista EB Espainiako Gobernua Pedro Sánchez albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Kataluniako prozesua zuzenean Junts per Catalunya Azken ordukoa Espainia Amnistia