Politika -

INBESTIDURA

Junts negoziazioetan sakontzen ari da Bruselan, eta PSOEk gertuago ikusten du inbestidura

Sozialistekin akordioa ixteko asmoz, Jordi Turull idazkari nagusia eta Laura Borras presidentea Belgikako hiriburura joan dira Carles Puigdemontekin biltzera.

Juntsen joan den osteguneko bilera. Argazkia: EFE.
Juntsen joan den osteguneko bilera. Argazkia: EFE.
Juntsen joan den osteguneko bilera. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sanchezen inbestidurarako negoziazioetan murgilduta jarraitzen dute Juntsek eta PSOEk. Jordi Turull Juntseko idazkari nagusia Bruselara joan zen atzo, eta gaur goizean gauza bera egin du Laura Borras alderdiko presidenteak. Biak ala biak Carles Puigdemont Generalitateko presidentearekin bilduko dira gaur, astelehenarekin, sozialistekiko akordioa itxi nahian.

Ingurumari horretan, PSOEko zuzendaritzak uste du "gertuago" dagoela Pedro Sanchezen inbestidura. Ildo horretan, sozialistek euren militanteen gehiengoak akordioak babestu dituela nabarmendu dute.

Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izendatzeko PSOEren eta Juntsen arteko akordioa lortzear zirela zirudien ostegunean, baina aurreikuspenak hoztu egin ziren. Ostiralean beste bilera bat egin zuten, Bruselan, Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkariak eta Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohi eta Junts alderdiko eurodiputatuak, Pedro Sanchezen inbestidura bermatuko zuen akordio bat ixten saiatzeko, baina bilera hori ere akordiorik gabe amaitu zen.

Hala eta guztiz ere, bi alderdien arteko harremanek aurrera jarraitu dute, eta atzo Jordi Turull Junts alderdiko idazkari nagusia Bruselara joan zen, Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiarekin batera PSOErekin negoziatzen jarraitzeko.

"Pedro Sanchezen inbestidura lortzetik gertuago gaude gaur. Hori da uztailaren 23an hautetsontzietatik atera zen agindua, eta hori lortzeko formula gure oinarri gehienek berretsi dute", adierazi zuen atzo Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkariak hedabideei igorritako bideo batean.

Toni Comin Juntseko kontseilari ohi eta eurodiputatuak goizean esan zuenez, PSOEren eta Juntsen arteko inbestidurarako ituna gertu zegoen: "Bizitzan, orokorrean, gauzak gertu daudenean, keep calm".

Iparraldeko Kataluniaren Diada eguneko manifestazioan egin zituen adierazpenok, Perpinyan, Josep Rull Juntsen Kontseilu Nazionaleko presidente eta kontseilari ohia aldamenean zuela.

"Diskrezioa funtsezkoa da elkarrizketek aurrera egin dezaten", gaineratu zuen ordezkari kataluniarrak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika PSOE Espainiako Gobernua Espainia Eguneko albisteak Albisteak Junts per Catalunya