Politika -

Osoko zuzenketa

Gorrotxategi: "Hezkuntza Lege-proiektu pribatizatzailea da, eta segregazioa betikotzen du"

Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak salatu duenez, "eskola publikoa blindatu beharrean, legeak kontzertazio unibertsala blindatzen du".

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramailea. Irudia: EITB
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramailea. Irudia: EITB
Elkarrekin Podemos-Ezker Anitzak osoko zuzenketa aurkeztuko dio Hezkuntza lege-proiektuari

1:46

E. Lotina | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramailearen hitzetan, Hezkuntza Legea "pribatizatzailea" da, "eskola publikoaren aurka" egiten duelako. Gainera, "betikotu egiten du gaur egun daukagun arazo larria: segregazioa", adierazi du.

Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian, lege-proiektuari osoko zuzenketa aurkeztuko diotela berretsi du Gorrotxategik, araua atzera botatzeko, berridatz dezaten. "Testu txarra" dela azpimarratu du, ez duelako "diagnostiko zuzena" egiten. "Diagnosi zuzena egin ezean, nekez emango zaie gure hezkuntza sistemaren erronkei erantzun egokia", kritikatu du. "Legeak ez die erantzun egokia ematen dauzkagun erronkei", nabarmendu du.

Bestalde, eskola publikoari "benetako zentraltasuna" ematea aldarrikatu du koalizioko bozeramaileak, "berdintasuna bermatzeko tresna edo baliabidea delako". Zentzu horretan, lege-proiektuak hezkuntza publikoa eta pribatua "nahasi" egiten dituela kritikatu du, "tratamendu berdina jasotzen dutelako". Gorrotxategiren esanetan, baina, "pribatua ez da publikoa, eta ez da inoiz izango".

Erantsi duenez, "eskola publikoa blindatu beharrean, legeak kontzertazio unibertsala blindatzen du". Gainera, "ez du 2022ko apirilean adostutako hezkuntza ituna errespetatzen, ez letra ezta espiritua ere, alderatzea besterik ez dago, itunaren testua eta lege-proiektua kontrajarriak dira". Gauzak horrela, "aukera paregabea" galdu dela uste du Gorrotxategik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Hezkuntza legea berriak Eusko Legebiltzarra bideoak Euskal Autonomia Erkidegoa Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Euskadiko Podemos-eko albisteak Miren Gorrotxategi