Politika -
Nafarroako Gobernua
EH Bilduk Chiviteri baiezkoa emateak utziko lukeen jokalekua
Maria Chivite PSNko hautagaiaren inbestidura "desblokeatzeko" baiezko botoa emateko prest azaldu da EH Bildu. Koalizio subiranistaren babesarekin, PSNk nahikoa luke Geroa Baik abstentziora jotzea.
EITB Media
Ez atzera ez aurrera daude Nafarroako Gobernua osatzeko PSNk Geroa Bairekin abiatutako negoziazioak. Gobernuan bakoitzak izan behar duen ordezkaritzarekin ez dira ados jartzen bi alderdiok, eta egoera blokeatuta dago. Hala aitortu zuten herenegun Maria Solana eta Pablo Azcona parlamentariek Iruñean egin zuen premiazko agerraldian.
Gauzak horrela, EH Bilduk adierazi du PSNren hautagaiaren alde bozkatzeko aukera aztertuko duela, eskuineko gobernu bat izan ez dadin. Horretarako, "indar aurrerakoi guztiekin" hitz egiteko borondatea agertu du. Edozein kasutan, militanteei galdetuko diete aukera horren inguruan.
Nola aldatuko luke egoera EH Bilduren baiezkoak?
UPNrena izan zen zerrendarik bozkatuena Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetan, 15 eserleku lortuta. PSNk 11 ordezkari lortu zituen, EH Bilduk 9, Geroa Baik 7, PPk 3, Zurekin Nafarroak 3 eta Voxek 1.
Zenbaki horiekin, Maria Chivite jardunean dagoen presidenteak karguan jarraitzeko aukera du, aurreko legealdiko gobernu aurrerakoia berretsiz gero. 2019an, PSNk, Geroa Baik, Ahal Duguk eta Ezkerrak itxi zuten akordioa, baina EH Bilduren abstentzioa beharrezkoa izan zen Chiviteren inbestidura ahalbidetzeko. Militanteei galdetu ondoren, ezkerreko koalizioak bidea eman zion PSNk gidatutako gobernuari.
50 eserleku ditu Nafarroako Parlamentuak. Inbestidura saioan, gehiengo osoa beharko luke Chivitek lehendabiziko bueltan presidente izendatzeko, baina gehiengo soila nahikoa luke bigarrenean; hau da, aldeko boto gehiago, kontrakoak baino.
EH Bilduk baiezko botoa ematea erabakiko balu, Chivitek aldeko 24 boto jasoko lituzke, PSNren 15 eta EH Bilduren 9. UPNren hautagaiak, Esparzak, PPren eta Voxen eserlekuak batuta, 20 boto izango lituzke. Kasu horretan, Gero Bairen abstentzioa nahikoa izango lukete sozialistek.
Bien bitartean, urrun baina negoziatzeko prest jarraitzen dute PSNk eta Geroa Baik. Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkariak geldirik egotea eta maiatzaren 28tik "proposamen bera" izatea aurpegiratu dio Geroa Bairi. Zurekin Nafarroak, ostera, kontraproposamen batzuk bidali dizkiela eta jarrerak hurbildu dituztela adierazi du.
Bestalde, Geroa Bairen arabera, "gobernu baten negoziazioa ezin da eskaintzetan eta kontraeskaintzetan oinarritu". Halaber, EH Bilduri esan dionez, "eskuineko gobernu bat ekiditeko ez da nahikoa 14ko gobernu hipotetiko bati (PSN-Zurekin Nafarroa) baldintzarik gabeko baiezkoa ematea". "Maria Chiviteri baiezko botoa ematea ez da nahikoa, politika publikoen kudeaketa modu pluralean elkarbanatzeko sozialisten aldetik ez badago benetako konpromisorik", gehitu du.