Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Etxanobe: "Ez genuke Urdaibaiko Guggenheim museoa egingo uste bagenu ingurua hondatuko dela"

Bizkaiko ahaldun nagusi berriak baieztatu du Foru Aldundiak helegitea jarriko diola Usansolo bereizteari Espainiako Gobernuak emandako ezezkoari. Gainera, zerga sisteman edozein aldaketa egin aurretik ondo aztertu behar dela gehitu du.

Elixabete Etxanobe, Euskadi Irratian.
Elixabete Etxanobe, Euskadi Irratian.
Elixabete Etxanobe, Euskadi Irratian.

play icon 22:25

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusi berriak Urdaibaiko Guggenheim museoaren defentsa egin du Euskadi Irratiko Faktorian emandako elkarrizketan: "Ez genuke egingo uste bagenu ingurua hondatuko dela".

Ahaldun nagusiak ukatu du proiektuak kalte atzeraezinak sortuko dituenik, zenbait talde ekologistak ohartarazten duten moduan. Azaldu duenez, proiektuan bertan "oso neurtuta" dago zenbait bisitari egon ahalko diren. "Proiektua lantzeko orduan hori da gehien hartu den kontuan", gehitu du.

Etxanoberen ustez, museoa "herri proiektu" bat da, eta "behar ditugun konplizitate guztiak" sortzen saiatuko dira. "Ongarria izango da, bere denboran, Bilboko Guggenheim museoa izan zen moduan", esan du.

Usansolo Galdakaotik bereizteko prozesua ere aipatu du jeltzaleak. Espainiako Gobernuak emandako ezezkoari helegitea jarriko dio Aldundiak. Zerbitzu juridikoek egoera aztertzen jarraitzen dute, baina errekurtsoa ziurra da, bereizteak foru arauaren baldintza guztiak betetzen dituelako. Ez du argitu, hala ere, zein bidetatik joango den.

Bestalde, Bizkaiko udalak finantzatzeko modua gaur egun biztanleriaren arabera egiten dela azaldu du, eta zenbait udalek nahi duten aldaketa Eudel eta Aldundia egiten ari den azterketa teknikotik abiatu behar dela uste du. "Gai garrantzitsuenetariko bat da" foru gobernuarentzat.

Etxanobek ez dio eperik jarri zerga sistemaren erreformari. Bidezkoa dela uste du Etxanobek, eta gainera "baliabide nahiko ematen digu zerbitzu guztiak finantzatzeko". Horren harira, edozein aldaketa egin baino lehen, "azterketa bat egin" eta aldaketa "adostu" behar da. "Ez litzateke egokia nire aldetik esatea zer aldatu behar den", esan du.

Foru gobernuaren osaketarako "profil egokiak" aukeratu ditu ahaldun nagusiak, eta diputatu gehienak emakumeak dira exekutibo berrian: "Espero dut emakumeak horrelako toki batean egoteak beste emakume batzuei laguntzea, ikus dezaten posible dela eta lehenengo lerrora animatzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak EAJ-PNV Zer gertatu da gaur Bizkaian? Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Euskadi Irratia Bizkaiko Foru Aldundia albisteak Elixabete Etxanobe