Politika -
Udalen osaketa
Garesen, EH Bilduren alde egin duten hiru zinegotziak kanporatu egingo ditu UPNk
Alderdiak esan du hiru zinegotziek "euren kasa" jokatu dutela eta "barkamena" eskatu die boto-emaileei. EH Bilduk, zazpi zinegotzirekin, gehiengoa ziurtatuta zuen. UPNk lau zinegotzi lortu zituen aurreko hauteskundeetan.
EITB Media
Garesen UPNko lau zinegotzietatik hiruk EH Bilduren hautagaiari eman diote botoa larunbat honetako osoko bilkura eratzailean. EH Bilduk ziurtatuta zuen gehiengoa, maiatzaren 28 hauteskundeen zazpi ordezkari lortu baitzituen. Zinegotziek "euren kasa" jardun dutela eta, kanporatze espedientea egingo die alderdi erregionalistaren zuzendaritzak zinegotzi horiei.
UPNk "barkamena" eskatu die bere boto-emaileei, eta, ohar batean azaldu duenez, iragarri du alderdiaren zuzendaritza inplikatutako hiru zinegotziekin harremanetan jarri dela, eta akta entregatzeko eskatu diela, "egindako hutsegitearen larritasuna ikusita", kanporatze espedientea irekiko diela iragartzeaz gain.
UPNren ustez, "gure baloreen defentsa beste edozeren gainetik dago. Balio horiek defendatzen jarraituko dugu, eta horregatik barkamena eskatu behar diegu Garesko gure boto-emaileei, ez baitago ezer gure balioetatik gehiago aldentzen denik, EH Bilduko hautagaien posizionamenduak baino ".
Alderdiak ziurtatu duenez, hiru zinegotziek "euren kasa jardun dute, erabakia alderdiaren zuzendaritzarekin komunikatu edo koordinatu gabe, eta hori oso hutsegite larria da, eta azkenean Bilduren hautagaiaren aldeko botoa eman dute".
"Alderdiko zuzendaritzatik kanpo hartutako erabaki hau arduragabea, ulertezina eta zentzugabea iruditzen zaigu", azpimarratu du zuzendaritzak.