Politika -
M28
Negoziazioak lehenbailehen hastea eskatu du Barkosek, datorren kanpainak gobernu aurrerakoiak oztopa ez ditzan
Geroa Bairen hautagaiaren hitzetan, Sanchezek gaur egindako hauteskunde iragarpenak bereziki beharrezko egiten du "PSNk jarrera hartzea nafarrek atzo botoen bitartez gehiengo aurrerakoiek osatzeko finkatutako konpromisoan".
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Behin M28ko udal eta foru hauteskundeen emaitzak ezagututa, alderdiak hasi dira lanean akordioen bila, eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, ezustean, hauteskunde orokorrak uztailaren 23ra aurreratu izanak, sukalde lan hori areagotu baino ez du egin. Uxue Barkos Geroa Baiko hautagaia izan da hedabideen aurrera ateratzen lehenetarikoa, Nafarroan "lehenbailehen" gobernu aurrerakoiak osatzeko deia eginez PSNri, EH Bilduri eta Zurekin Nafarroari.
Barkosek uste du berehala hasiko den kanpainaurreak gobernu aurrerakoiak osatzea oztopa dezakeela. Horren hitzetan, "historiak erakutsi izan du, Madrilen tentsioak daudenean, Nafarroan gobernu aurrerakoiak osatzeko aukerak desegin egin direla". Horren aurrean, "beldurtuta ez", baina tentuz begiratzen dio Geroa Baik "hauteskunde aurrerapenak sortuko duen egoerari".
Halaber, Iruñean egin duen agerraldian, Geroa Baiko hautagaiak adierazi du aurrerapen honek bereziki beharrezko egiten duela "PSNk jarrera hartzea nafarrek atzo botoen bitartez gehiengo aurrerakoiak osatzeko finkatutako konpromisoan".
Agertoki berrian, Espainiako hauteskunde orokorren kanpainak "mezuak nahastu" eta alderdi aurrerakoien arteko negoziazioak trabatu ditzakeela nabarmendu du Barkosek.
Atzoko bozetan, Geroa Baik zazpi eserleku eskuratu zituen Nafarroako Parlamentuan, 2019an baino bi gutxiago. Behera egin arren, koalizioko buruak gaur berretsi du "erabakigarriak" izango direla Foru Gobernu berriaren osaketan.