Politika -

M28

EH Bilduk EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin deitu ditu Gipuzkoan eta Gasteizen negoziatzeko

Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako ahaldungai nagusiak telefonoz deitu die EAJren, PSE-EEren eta Elkarrekin Podemosen hautagaiei, Gipuzkoan gobernu "zabala eta aurrerakoia" osatzeko. Era berean, Rocio Vitero Gasteizko alkategaia hiru indar politiko horiekin harremanetan jarri da.

Rocio Vitero EH Bilduko alkategaia koalizioko gainerako zinegotziekin batera, Gasteizen. EFE
Rocio Vitero EH Bilduko alkategaia koalizioko gainerako zinegotziekin batera, Gasteizen.
Vitero: 'EH Bildu aldaketaren buru izango da, horregatik jarri gara harremanetan PSE, EAJ eta Elkarrekinekin'

0:23

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rocio Vitero EH Bilduren Gasteizko alkategaiak iragarri duenez, "PSE-EE, EAJ eta Elkarrekin" alderdiekin harremanetan jarri da, "ahalik eta gobernu zabalena zuzentzeko eta lortzeko", bera alkate dela, Arabako hiriburuko "herritarren beharrei erantzuteko". Era berean, Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako ahaldungai nagusiak telefonoz deitu die EAJren, PSE-EEren eta Elkarrekin Podemosen hautagaiei, Gipuzkoan gobernu "zabala eta aurrerakoia" zuzentzeko.

Sare sozialen bidez, Iriartek azaldu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza lortu duten gainerako alderdiekin harremanetan jarri dela (PPrekin izan ezik), "emandako hitza betez".

"Herritarrek botoa emateko eskubidea erabili zuten, eta argi utzi zuten EH Bildu dela indar nagusia. Indar bozkatuena izanik, gainerako talde politikoekin harremanetan jarri gara edukien inguruan akordio zabala lortzeko", adierazi du Viterok gaur Gasteizko Plaza Berrian egindako prentsaurrekoan, koalizioko gainerako zinegotziekin batera.

Viterok azaldu duenez, bera izan da, pertsonalki, hiru talde politiko horiekin harremanetan jarri dena, eta solaskideen aldetik "harrera ona" jaso du.

Viterok Alderdi Popularra baztertu du negoziazioan. "Guk argi daukagu ez dugula itunik egingo herritarren eskubideak defendatzen ez dituenarekin eta ultraeskuinarekin biltzen denarekin", nabarmendu du.

Bestalde, goizean Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak azaldu du hemendik aitzinera aliantza zabalak beharrezkoak direla, eta dagoeneko hasi dituztela harremanak hainbat indarrekin "beste gobernu alternatibo bat osatzeko hainbat udaletan".

Otegi: ''Gipuzkoan eta Gasteizen ezin badugu gobernatu, azalpenak eman beharko dituzte''
Otegi: ''Gipuzkoan eta Gasteizen ezin badugu gobernatu, azalpenak eman beharko dituzte''
Otegi: ''Gipuzkoan eta Gasteizen ezin badugu gobernatu, azalpenak eman beharko dituzte''

0:29

Otegik atzo gaueko emaitzak aztertu ditu gaur Donostian, EH Bilduren Mahai Politikoan, eta, nabarmendu duenez, herrialdearen erronken aurrean "aliantza zabalak, gutxieneko akordioak eta fronte zabalak" behar dira. Dena den, argi utzi du Espainiako eskuinarekin ez duela akordiorik egingo.

Horren hitzetan, joera sozial baten aurrean gaude, aldaketak nahi dituena, eta eurak "aldaketak egiteko eta beste batzuekin lideratzeko prest" daudela adierazi du.

Atzoko emaitzek ezker abertzalearen hazkunde "estrukturala" islatzen dutela esan du, eta aldaketak nahi dituen joera sozial baten aurrean gaudela. Aldaketa hori, baina, lasaia izan behar dela eta erantzukizunez jokatu behar dela azpimarratu du.

Era berean, Otegik esan du EH Bilduk Gasteizko Udalean eta Gipuzkoako Foru Aldundian gobernatu behar duela, hori baita, finean, herritarrek bozkatu dutena, eta ohartarazi duenez, EAJk eta PSE-EEk alderdi abertzalea kargutik kentzeko itunak prestatu badituzte, "azalpenak eman beharko dituzte".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika Alderdi politikoak EH Bildu Zenbat hautagai daude hauteskundeetan? Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Hauteskundeak gaur Udal eta foru hauteskundeak Eae-ko udal eta foru hauteskundeak