Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Aintzane Ezenarro: "Mota guztietako indarkeria, ETArena barne, kritikatzeko gai izan beharko ginateke"

"Zoru etiko komun batetik" abiatuta, "gertatutakoaren zergatiaren inguruan hausnarketa" egiteko beharraz mintzatu da Gogora Institutuaren zuzendaria. Gainera, hiruzpalau gudarirenak izan litezkeen hezurrak Zornotzako hilerrian aurkitu dituztela iragarri du.

Aintzane Ezenarro Gogora Institutuaren zuzendaria. Argazkia: EITB MEDIA
Aintzane Ezenarro Gogora Institutuaren zuzendaria. Argazkia: EITB MEDIA
Aintzane Ezenarro: ''ETAk egindakoa kritikatzeko gai beharko ginateke''

2:22

T.S.J.B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Mota guztietako indarkeria, ETArena barne, kritikatzeko gai" izateko beharraz aritu da Aintzane Ezenarro Eusko Jaurlaritzako Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora Institutuaren zuzendaria, igande honetan Radio Euskadiko "Cronica de Euskadi Fin de Semana" irratsaioan eskainitako elkarrizketan. Dena dela, deitoratu duenez, "sentsibilitate politiko guztiak ez dira ETA kritikatzeko gai".

"Iraganari begirada kritikoa" egitea proposatu du Ezenarrok. ETAk bere ekintza armatua amaitu zuenetik ia 12 urte igaro diren honetan, "zintzotasun ariketa egiteko denbora nahikoa pasa da", Ezenarroren hitzetan. "Gertatutakoaren zergatiaren inguruan hausnarketa egin behar dugu, non geunden eta zertarako balio izan du hainbeste indarkeriak", adierazi du.

Kritika ezker abertzaleari

Zentzu horretan, ezker abertzaleari zuzendu zaio leporatuz ez duela "indarkeriak eragindakoaren gainean hausnarketarik egin". "Mota guztietako indarkeria kritikatzeko gai izan beharko ginateke: Estatuarena eta ETArena. Baina sentsibilitate politiko guztiak ez dira ETA kritikatzeko gai", deitoratu du. Hori dela eta, "zoru etiko komuna pendiente dugu. Arrazoi politiko batek ere ez du pertsona baten heriotza justifikatzen, eta oinarrizko ideia hori partekatu beharko genuke guztiok".

"Biktimak aintzat hartu behar ditugu, egun ditugun baino askoz gehiago", jarraitu du Ezenarrok", "horiek iraintzen jarraitzen dugulako askotan, berriro biktima egiten, alegia", ETAko kideak giza-eskubideen urraketen biktima gisa hartzen zituzten oroimen webguneei aipamena eginda. "Hausnarketa horretatik abiatuta, akats gutxiago egingo genituzke", ondorioztatu du.

Balizko hobi komun berria Zornotzan

Azkenik, hiruzpalau gudarirenak izan litezkeen hezurrak Zornotzako hilerrian aurkitu berri dituztela iragarri du Gogora Institutuko zuzendariak. "Agirre lehendakariaren garaiko txanponak ere aurkitu ditugu", azaldu du. Litekeena da gudari horiek gerra zibilean hil izana, eta geroago hilerri horretan lurperatuak izatea. Hobi komun bat ote den ikertzen ari dira, eta identifikatzeko lanei ekingo diete, ahal den neurrian, hezurrak senideei itzultzeko helburuz.

Orduñako eta Begoñako hobiratzeei buruz, Ezenarrok esan du datozen hilabeteetan hilotz gehiago identifikatzeko gai izango direla, DNA bankuan gordetako laginei esker.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Zornotza ETA Eguneko albisteak Albisteak Frankismoa Bakea eta adiskidetzea Euskadin Memoria Historikoa Terrorismoaren Biktimak Gogora Institutuaren proiektuak