Politika -
PASAIAKO SARRASKIA
Ezagutze errondan Merinok ez du identifikatu Pasaiako sarraskian parte hartu zuen poliziarik
Hiru poliziak hartu dute parte gaurko identifikazio-saioan, Gipuzkoako Lurralde Auzitegian. Orotara, zazpi agente zeuden deituta; horietako bat hilda dagoela jakinarazi da gaur, eta, beraz, beste hirurak falta dira erronda pasatzeko.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Pasaiako badian Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide tiroz hil zituenetik 39 urte igaro direnean, gertakari haietan parte hartu zuen polizietako bat identifikatzeko ahaleginean, ezagutze-erronda egin da gaur Gipuzkoako Lurralde Auzitegian. Denera, zazpi agentek hartu behar zuten parte, baina hiru agertu dira goizeko saiora.
Joseba Merino da sarraskitik bizirik atera zen bakarra, eta hark esan zuen segadan parte hartu zuten polizietako bat ezagutu zuela TVEko dokumental batean. Hori esan ondoren, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko epaile batek kasua berriro irekitzea erabaki zuen, eta Merino deitu zuen gaurko identifikazio-saioan parte hartzera.
Auzitegitik atera berritan, Merinok berak azaldu du ez duela inor identifikatu. "Tranpa" hitza ere erabili du, "poliziak baitira, poliziak bidaltzen dituztenak". Halere, "epaileak benetako borondatea badu", oraindik "partida luzea" dagoela jokoan esan du. "Orain artekoa bide onetik doa", gehitu du.
Hurrengo identifikazio-saioak noiz izango diren ez dute jakinarazi. Hiru falta dira erronda pasatzeko, deituta zegoen zazpigarrena hilda dago eta.
1984ko martxoaren 22an gertatu zen, 22:30 aldera. Enrique Casas buruzagi sozialistaren hilketaren ondoren, Dioni Aizpuru, Jose Mari Izura, Rafa Delas eta Pedro Mari Isart Komando Autonomo Antikapitalistetako kideak tiroz hil zituen Espainiako Poliziak. Ia lau hamarkada igarota, oraindik ez da inor epaitu gertakari haiengatik. Merinok 17 urteko espetxe-zigorra bete zuen, Casasen hilketagatik.
Gaurko saioa dela eta, sarraskian hilldakoen senitartekoek elkarretaratzea deitu dute Gipuzkoako Auzitegiaren atarian, 10:00etan, "Pasaiako sarraskia ikertu eta argitu" goiburupean. Horien izenean, Pello Aizpuruk, Dioni Aizpururen anaiak, hitz egin du. Aitortu du auzia berriro zabaltzeak itxaropenerako zirrikitu bat zabaldu duela, aurrera egitea oso zaila izango dela badakien arren. "Badirudi, epaile berri honek jarrera eta borondatea badituela gauzak argitzeko", esan du.
Dena dela, epaitegietako bidea ez ezik, erakundeetakoa ere jorratzen jarraituko dutela erantsi du, eta zentzu horretan, "konpromisoa, azalpenak eta epeak" eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari. "Ez dugu inpunitaterik onartuko", gehitu du.
Bi nobedade nagusirekin iritsi da segadaren 39. urteurrena. Kasua berriro zabaltzeaz gain, joan den astean Giza Eskubideen eta Botere Publikoen EHUko UNESCO Katedrak, Eusko Jaurlaritzaren enkarguz, Pasaiako sarraskiari buruz egindako txosten bat ezagutu zen. Lan horrek hitzez hitz dioenez, "ez da egin ikerketa judizial eraginkorrik" Pasaian gertatutakoa argitzeko, eta exekuzio estrajudizial baten antza izan zuen operazioak.