Politika -

PSOE

Odon Elorzak diputatu kargua utziko du Kongresuan, PSOEkin "desadostasunak ekiditeko"

Donostiako alkate izandakoak gutun bat igorri die diputatu alderdikideei, bere dimisioaren arrazoiak azalduz. Gipuzkoako PSE-EEk iragarri duenez, Maria Luisa Gurrutxagak hartuko du haren lekukoa.

Odon Elorza, bere azken agerraldietako batean. Argazkia: EITB Media
Odon Elorza, bere azken agerraldietako batean. Argazkia: EITB Media
Odon Elorza, bere azken agerraldietako batean. Argazkia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Odon Elorza PSOEko diputatuak dimisioa eman eta Kongresuan duen kargua utziko du —2011n hartu zuen kargua—. Hala jakinarazi die kongresu kide sozialistei, arrazoiak azalduz igorri dien gutunean. Bertan jaso duenez, "bere ekarpenak" eta "ekimenak" ez dira "baliagarriak Talde Sozialistarentzat, aspalditik". Hori dela eta, PSOEkin "desadostasunak ekiditeko", kargua uzteko "une egokia" dela iritzi dio. Halaber, barkamena eskatu du, "inoiz huts egin" badu edota bere "tonuak desafinatu" egin badu.

Hogei urtez Donostiako alkate izan zenak, eskerrak eman dizkie alderdiari, militantziari eta Gipuzkoako hautesleei, Kongresuan demokraziaren balioak eta herritarren interes orokorrak defendatzeko beragan jarritako konfiantzagatik. Kargua uztea PSOErekiko "leialtasun keinu" bat ere badela esan du Elorzak, "bere ideiekiko koherente" izatearekin batera. "Bizitza gozatu nahi dut, denbora gehiagorekin eta askatasunez", zehaztu du.

Ultraeskuinarren "oldarraldiaren aurrean", herritar guztien eskubideen defentsan lanean jarraitzeko "konpromiso" osoa agertu du, iazko urrian Donostiako alkatetzarako hautagai izateko primarioak galdu zituen politikariak.

Dimisioaren berria zabaldu eta berehala, Gipuzkoako PSE-EEk ordezkoa zein izango den jakinarazi du. Maria Luisa Garcia Gurrutxaga (Ataun, 1959) Gipuzkoako Aldundiko Hezkuntza, Kultura eta Euskara idazkariak eta Donostiako zinegotzia izandakoak hartuko du Elorzaren lekukoa Kongresuan.

Bere ibilbide politikoan erakutsitako "ausardia" eta "bakearen eta askatasunaren alde egindako lan nekaezina" eskertu dizkiote gipuzkoako sozialistek alkate ohiari. Era berean, Donostiaren "modernizazioan" izan zuen eragina azpimarratu dute, hura Udaleko buru zela egindako edota landutako proiektuak gogora ekarriz, hala nola, Kursaal Jauregia, San Telmo Museoaren zabaltzea, Victoria Eugeniaren erreforma edota Tabakalera.

Ildo beretik mintzatu da Pilar Alegria PSOEren bozeramailean ere, eguerdian egin duen agerraldi batean. Elorzaren erabaki pertsonala "errespetu osoz" hartzen duela esan du:

Pilar Alegria, Odon Elorzaren dimisioari buruz: ''Alderdi honetan ez dago inor soberan''
Pilar Alegria, Odon Elorzaren dimisioari buruz: ''Alderdi honetan ez dago inor soberan''
Pilar Alegria, Odon Elorzaren dimisioari buruz: ''Alderdi honetan ez dago inor soberan''

1:09

Bihar egikarituko da ofizialki dimisioa, eta Gurrutxagak otsailaren 7ko osoko bilkuran hartuko du diputatu kargua.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika PSOE Espainiako Gobernua Aldaketa PSOEn PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak