Politika -

Gasteizko zentroa

Itxasok eskatu du errefuxiatuen zentroa transferentziekin eta hauteskundeekin ez nahastea

Halaber, ziurtatu du proiektua aurkeztu aurretik, euskal administrazioekin hizketan aritu zirela. Hori horrela, haiei galdegin die, berriro ere, "kooperazioari eta komunikazioari heltzea".

Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkari Denis Itxaso. Argazkia: EFE
Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkari Denis Itxaso. Argazkia: EFE
Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkari Denis Itxaso. Argazkia: EFE

0:59

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkari Denis Itxasok eskatu du Gasteizen irekitzekoak diren pertsona errefuxiatuen zentroa "hauteskunde munizio gisa" ez erabiltzea, ez eta "eskumenen transferentzia prozesuarekin nahastea" ere.

Ascuden elkarteak Gasteizen duen egoitzan egin ditu adierazpenok kazetarien aurrean. Bertan, errefuxiatuak hartzeko nazioarteko zentroa Arana egoitza zaharrean kokatzea defendatu du Itxasok, hamar urtean erabili ez duten eraikin bat dela arrazoituta.

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta EAJk berak, aitzitik, kritikatu egin dute proiektua, "euskal harrera ereduarekin bat ez datorren makrozentro bat delako". Gainera, aldarrikatu dute immigrazioarekin lotutako transferentzia berehala eskualdatzea.

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak, bestalde, maiatzean egingo diren udal hauteskundeen baitan kokatu ditu kritika horiek "Proiektua aurretik ezagutzen zuten, eta orain arte ez dute txintik esan", adierazi du gaur bertan.

Itxasok, baina, argi utzi du zentroak "arreta pertsonalizatua" emango duela, "Europako harrera eredua oinarri hartuta". Era berean, ziurtatu du proiektua aurkeztu aurretik, euskal administrazioekin hizketan aritu zirela. Hori horrela, haiei galdegin die, berriro ere, "kooperazioari eta komunikazioari heltzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua albisteak PSE-EE Denis Itxaso Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Errefuxiatuak