Politika -
BIZKAIA
Usansolo Bizkaiko 113. udalerria bihurtu da
Orain arte Galdakaoko auzo izan dena udalerri bihurtzea onartu dute Bizkaiko Batzar Nagusiek. Espero zen bezala, EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak egin dute horren alde; PPk abstentziora jo du, eta sozialistek kontra bozkatu dute. Hain justu, erabakiaren kontrako helegitea iragarri du PSE-EEk.
AGENTZIAK | EITB Media
Bizkaiko Batzar Nagusiek onartu egin dute Galdakaoko Udalak Usansolo udalerri independente bihurtzeko egindako eskaera. Gauzak horrela, Bizkaiko 113. udalerri bihurtu da Usansolo. Aurreikuspenak bete dira, eta testuaren alde egin dute EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak; PPk abstentziora jo du, eta PSE-EEk, aldiz, kontra bozkatu du.
Osoko bilkura 09:00etan abiatu da, eta Elixabete Etxanobe Lurralde Politikako diputatuak (EAJ) defendatu du testua. Ondoren, taldeetako ordezkariek hartu dute hitza euren jarrera argitzeko.
Batzar Nagusietako Gobernu Onaren eta Gardentasun batzordeak Usansoloren bereizketa babestu zuen urriaren 11ko bilkuran, EAJren, EH Bilduren eta Ahal Duguren aldeko botoekin. PSE-EEk aurka bozkatu zuen, eta Talde Mistoak, ostera, abstentziora jo zuen.
Akordioaren xehetasunak
Udalerri berriaren mugak ezartzen dituen akordioaren arabera, Usansoloko Udalak 25 langilerekin ekingo dio bere jardunari. Usansolok 4.500 biztanle inguru ditu.
Usansolok bere hirigintza plana onartzen duen bitartean, Galdakaoko Udalak bere lurralderako onetsitakoa erabiliko du.
Usansolon dauden Galdakaoko ondasunak udal berriaren jabetzakoak izatera igaroko dira. Usansoloko Udalak hainbat zerbitzu kudeatuko ditu, hala nola argiteria publikoa, hiri-garbiketa, saneamendua, eta eraikin publikoak (tartean, liburutegia eta kiroldegia).
Halaber, beste zerbitzu batzuk elkarrekin kudeatuko dituzte: hilerria, Musika Eskola edo Euskaltegia.
Usansolo Galdakaotik bereizteko aldarrikapena historikoa da. Aurtengo martxoan Usansolon egindako herri galdeketan, parte hartzaileen % 81,5ek Usansoloren desanexioa babestu zuten.
Erabakiaren kontra, helegitea
Usansolok Bizkaiko Lurralde Mugapeei buruzko foru arauan ezarritako gutxieneko biztanleriaren baldintza betetzen du. Hots, 2.500 pertsona baino gehiago ditu erroldatuta (4.500 dira gaur-gaurkoz), baina ez da, ordea, Tokian Tokiko Erregimenaren Oinarrizko Legeak (Espainiako Estatuarena) ezarritako gutxienekora heltzen (5.000 biztanle).
Hori izan zen, hain justu, Itsasok (Gipuzkoa) lurraldeko 89. udalerria izateko topatu zuen traba. Ezkiotik banatzeko prozesua egin ostean, Gorenak hura baliogabetu zuen herriak "gutxieneko populazioa" izatearen legezko baldintza betetzen ez zuela argudiatuta.
Usansoloren kasuan ere, Espainiako Gobernuak erabakiaren kontrako helegitea aurkeztu lezake. Denis Itxaso EAEko ordezkariak azaldu duenez, Estatuko Abokatuak "arretaz eta patxadaz" aztertuko du udalerri berriaren sorrerak legea urratzen duen. Estatuak bi hilabeteko epea du horretarako. "Ez dugu eskopeta kargatuta ezta aurreiritzirik ere", esan du Itxasok.