Politika -

2023ko AURREKONTUAK

Bankuen gaineko zergak foru ogasunek kudeatzea adostu du EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin

Akordioa itxi dute koalizio abertzaleak eta Espainiako Gobernuak. Foru ogasunek kudeatuko dituzte bankuen gaineko zergak, eta baita elektriken gainekoak ere. 2023ko aurrekontuen negoziazioen barruan lortu duten lehen akordioa da.

Oscar Matute, gaur, Kongresuan. Argazkia: EH Bildu
Oscar Matute, gaur, Kongresuan.
Oscar Matute, gaur, Kongresuan. Argazkia: EH Bildu

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bankuen eta elektriken gaineko zergak Hego Euskal Herriko foru ogasunek kudeatzea adostu dute EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak, 2023rako aurrekontuen negoziazioaren barruan. Horrez gain, koalizio abertzaleak ohar bidez jakitera eman duenez, zerga horiek "egiturazkoak eta betirako" izatea aztertzeko "konpromisoa hartu du idatziz" Exekutibo espainiarrak, eta gaiaren inguruko txosten tekniko bat egingo duela agindu du.

Kongresuan egin duen agerraldi labur batean, Oscar Matute EH Bilduko diputatuak esan du datozen egunotan hizketan jarraituko dutela bi aldeek, akordio gehiagoren bila. Horren hitzetan, herritarrentzat eskubide gehiago lortzea, eta gizarte hobe bat eraikitzen jarraitzea dira helburuak.

Kongresuko Gai Ekonomikoetako Batzordeak gaur bertan onartuko du ekimena, eta, behin urrats hori eginda, datorren ostegunean iritsiko da Kongresuko osoko bilkurara. Bankuen eta elektriken gaineko zergen gaia lantzen hasi zirenetik, EH Bilduk behin eta berriz salatu du zerga horien indarraldia bi urtera mugatzeak (2022-2023) ez zuela "oinarrizko arazoa konponduko".

Akordioaren garrantzia nabarmentzearekin batera, Matutek azaldu du Espainiako Gobernuak bere hitza bete, eta aipatutako zergak "iraunkor" bihurtzeko urratsak ematen hastea espero duela. "Urrats garrantzitsua da aberastasunaren banaketa justu baten bidean. Gehien dutenek gehiago ordaintzea ahalbidetuko du. Bankuek eta elektrika handiek bere gain hartu beharko dituzte krisi sozialaren eta ekonomikoaren ondorioak", gehitu du.

Halere, diputatuak argi utzi du Espainiako Gobernuarekin negoziatzen jarraituko dutela datozen egunotan akordio zabalago baten bila. Esan duenez, oraingoz, datorren urterako aurrekontuek ez dute EH Bilduren "bost diputatuen babesa bermatuta".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Aurrekontuen azken ordukoa Arabako Foru Aurrekontuak Zerga politika